Sindikatuaren hainbat dokumentu (argazkiak, dominak, txostenak, kartelak, pegatinak…) erakutsiko dituzte. Horrez gain, eguenean, 18:00etan, ELAko lehengo eta oraingo afiliatuak batuko dira Bergarako egoitzan.
Festa handia Bilbon
Mendeurren eguna ekainaren 11 da, eta egun horretarako deialdia egingo dute Bergaran batutakoek eguenean. Hain zuzen, Bilbon egingo du ELAk urteurren ekitaldia, eta ekitaldi handia izango dela espero dute.
1978an afiliatu ziren eta gaur egun afiliatuta jarraitzen duten 285 lagun gonbidatu ditu sindikatuak. Horiez gain, beste 350 ordezkari, afiliatu eta lagun joango dira Deba eskualdetik. "Festa handia" aurreikusten dute ELAko ordezkariek, eta esan dute milaka lagun batuko direla Mirivillan.
Deba eskualdeak "beti izan du garrantzia ELAk 100 urte hauetan egindako bidaian", dio sindikatuak. Debagoienean eta Debabarrenean 6.000 afiliatutik gora daude, eta 400 ordezkari. Egoitzak ditu Elgoibarren, Eibarren, Oñatin, Bergaran eta Arrasaten.
Lehenengo kongresua, Eibarren
1911ko ekainaren 11n sinatu zituzten Solidaridad de Obreros Vascos sindikatuaren estatutuak; sindikatu euskalduna eta independientea zen, eta helburua zen langileak batzea eta antolatzea. 1912an 1.000 afiliatu zituen eta 1918an Gipuzkoako eta Bizkaiko federazioak eratu ziren.
1929ko urrian STVk lehenengo kongresua egin zuen Eibarren, eremu sozialistak domeinua zuen herrian. Ordurako 6.200 afiliatu zituen Bizkaian eta 1.500 Gipuzkoan. Kongresu hartan dagoeneko hitz egiten hasi ziren urteko lanaldiaz, ordaindutako oporretaz, eta beste hainbat kontzeptutaz.
Antikapitalistak eta independenteak
Errepublika garaian langileriaren erreboltarako argiunean ikusten dira, baina 1936ko gerrak eta geroko diktadurak guztiz zapaldu zituzten ahalegin horiek. "Hala ere, ELAk ez zion bere bideari utzi eta gerra ondorengo garaietan hazten joan da etenik gabe", esaten dute arduradunek.
1976an Euban hasitako kongresuak Astelehena frontoian izan zuen jarraipena. "Hantxe hartu ziren gerora ere bizi-bizirik dirauten oinarriak: antikapitalismoa, independentzia politikoa eta finantziarioa antolakuntzan, langileria guztiari zabalkundea eta internazionalismoa", azaltzen du ELAk.