Plan estrategikoa aurkeztuko du eguenean Bergarako Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko maiatzaren 3a

Azaroan abiatu zuten eta herritarrekin batera diseinatu dute. 19:00etan izango da aurkezpena, osoko bilkuren aretoan.

Bergarako Udalak Bergara, bazara, bagara egitasmoa edo proiektua abian jarri zuen joan den azaroan. Proiektu horren helburua herritarrekin elkarlanean 2020. urtean gure herria nolakoa izango den lantzea izan da hasieratik. Horretarako herritarrekin batera hainbat galderen inguruan jardun dute orain artean zenbait batzarretan.

Udalaren asmoa honakoa izan da prozesu guztian zehar: herritarrek Bergara gaur egun nola ikusten duten aztertzea eta 10 urte barruko Bergara irudikatzea eta egoera hori lortzeko estrategiak proposatzea. Horretarako hasieran Bergarako egungo egoeraren azterketa egin dute eta prozesuan zehar bi lantaldek parte hartu dute; arlokakoak eta eremukakoak.

Udalerriko plan estrategikoa Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin egin du Udalak eta horretarako, herriaren eraikuntzarako gakoak diren hainbat arlo landu dira.

 

Behin elkarlana bukatuta, prozesu partehartzaile horretan egindako lanaren emaitza herritarrei aurkeztu nahi diete. Etzi, eguena, izango da aurkezpena, 19:00etan osoko bilkuren aretoan.

Aurkezpena eta gero, luntxa egongo da Munibe plazan. Prozesuan parte hartu duten herritarrei zein gainontzeko guztiei gonbidapena luzatzen diete Udaletik bertara daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak