Adierazpenean, enpresa batzordeak hainbat zehaztapen egin eta hainbat datu ematen ditu.
"Lehenengo eta behin, taldeko Zuzendaritzak esan zigun merkatuetan zegoen altzairu eskaerak, gutxi gorabehera, %50ean egin zuela behera Zumarragako eta Bergarako lantokietan", esaten dute langileen ordezkariek.
Bi lekuak 14 kilometrora zeudenez elkarrekiko, "logikoena" altzairutegi bat izatea zela gaineratu zuen zuzendaritzak, "gastu finkoetan aurrezpen nabarmena" lortzeko; eta Zumarragakoa hautatu zuten, eta arrazoietako bat zen "Zumarragako ekoizpen gaitasuna 930 mila tonakoa zen, aldiz, Bergaran, 800 mila tona ekoitz" zitezkeela.
Horren aurrean, enpresa batzordeak esaten du "2010. urtean, Zumarragako Altzairutegian, urte osoan, etenik gabe eta eguneko 24 ordutan egin dugula lan eta ekoizpena 730 mila tonetakoa izan dela. Taldeko Zuzendaritzak egin zituen aurreikuspenekin alderatuz, 200 mila tonetako alde honek berekin ekarri du hiru ijezketa-trenek gerarazi behar izan dutela askotan materialik ez zutelako, edota are okerragoa dena, bestetan, hiru ijezketako langileak Enplegua Erregulatzeko Espedienteak ezarri izan dizkietela.
Zer fidagarritasun izan dezake zuzendaritzak horren nabarmenki huts egiten duenean beren aurreikuspenetan?", galdetzen dute sindikatuek. Gaineratzen dutenez, erabaki hartatik etorritako beste behar batzuek eragin dute "azken produktuaren kostua nabarmenki handitu izana".
"Bergarako Arcelor Mittalek, 2008. urtera arte, konpainiak merkataritza-erregistroari aurkeztu zizkion kontuen arabera, ekitaldi guztietan oso mozkin handiak izan zituen. 2009. urteaz geroztik, Altzairutegia ixtearekin batera, konpainia dirua galtzen hasi zen", esaten dute.
Gainera, Bergaran zeuden zuzendaritza, administrazioa eta beste hainbat zerbitzu eta langile Zumarragara eraman dituzte, eta horren ondorioz, "plantilla herenean murriztu dute aldi honetan".
Zuzendariarekin batzarra noiz egingo zain
"Arrazoi hauek direla eta, batzorde honek duela urtebete eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailburuari hitzordua, tamalez, ez digute erantzun ere egin.
Ez dugu ulertzen nolatan gobernu hau, zergadun guztion diruarekin, multinazional honen proiektuei diru-laguntzak ematen ari zaizkien eskualdeko enpresarik adierazgarrienetakoa itxi dezaten, eta bien bitartean, ez duen asmorik azaldu langileen ordezkariekin elkartzeko.
Horren kezkatuak gaude Europako Arcelor Mittal Largoseko arduraduna den Arnaud Pouparri biltzeko eskaera egin diogula; aipatu bilera Apirilean egingo genuela zirudien arren eta zentzuzko justifikaziorik eman gabe, atzeratu dute bilera", azaltzen du enpresa batzordeak.