"Egubakoitzak gaztetxean" ekimenak gaztetxe kanpoko agertokia musikariz beteko du

Asier Alkorta 2011ko maiatzaren 3a

"Egubakoitzak kartzelan" izenburupean gaztetxeak maiatzeko egubakoitzetan kontzertuak antolatu ditu gaztetxeak kanpoan duen agertokian, "jendeak musikaz gozatzeko". Lehenengo hitzordua asteon jarri da, egubakoitzean. Horrela, Arrasateko Mery May folk rock bakarlaria eta Zeanuriko Esti eta Olatz abeslariak izango dira lehenak taularatzen. Kontzertua 22:00etan hasiko da.

Kontzertuak 22:00ak puntuan hasiko direla iragarri du gaztetxeak eta sarrerak 3 euro balio du. Hala eta guztiz ere, bertaratu ezin direnek ere kontzertuetaz beste modu batera gozatzeko aukera edukiko dutela esan dute gaztetxekoek. Izan ere, kontzertuak Txapa Irratiaren (97.2 FM) eta streaming bidez (www.tapairratia.org) emitituko dira, zuzenean.

Beraz, egubakoitz honetan, Mery May folk rock bakarlari arrasatearra eta Esti eta Olatz euskal kantagintzako abeslariak izango dira gaztetxeko kanpoko agertokia estreinatuko dutenak.

Kritikak goraipatu eta lehiaketa desberdinetan nabarmendua izan ondoren, Mery May bakarlariak bere folk rock akustikoa ekarriko du oholtzara asteon. Jarraian kitarra, ahotsa eta flauta melodikoak nahasiz euskal kantagintza tradizionala jorratuko du Leirek eta Olatzek osatzen duten bikote bizkaitarrak. Horiek musika lasaia eta sentimenduz betetakoa ekarriko dute gaztetxeko egubakoitzera.

Egubakoitz honetako hitzordua ospatu eta gero, datozen asteetako egubakoitzetan beste taldeen txanda izango da. Horrela, hilaren 13an, Mantala No! eta Mor More taldeen txanda izango da eta maiatzaren 20an Moby Dick eta Té Verde taldeak igoko dira gaztetxe kanpoko agertokira. Azkenik, Mursego eta Ain 1 taldeak hilaren 27an "Egubakoitzak gaztetxean" ekimena itxiko dute, "poesia eta kanta ederrekin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak