Gaur arratsaldean etorkizuneko goi-mailako futbolariak izan dira Bergarako Agorrosin futbol zelaian. Realak antolatutako nazioarteko txapelketako bi partidu jokatu dira eta, bertan, etorkizuneko jokalariek maila handia erakutsi dute.
Lehenengo partiduan, Espanyol eta Gipuzkoako konbinatua izan dira aurrez aurre. Erraz menderatu du Bartzelonako taldeak Gipuzkoako konbinatua, partidu osoan baloia izan du eta lehen zatiko 25. minutuan sartu du lehenengo gola. Golaren ostean, Gipuzkoarrek Espanyolekoen erasoei eutsi egin diete eta gol bateko aldearekin iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatiko bigarren minutuan Espanyolek bigarren gola eta hor hasi da gol festa. Hirugarrena bigarrena sartu eta 10 minutura sartu dute eta horren ostean Gipuzkoarrak behera egin dute, partidua noiz bukatuko zeuden, baina hori gertatu baino lehen Espanyolek beste bi gol sartzeko astia izan du.
Bigarrena lehiatuagoa
Arratsaldeko bigarren partidua askoz ere lehiatuagoa izan da. Osasunak tokiz kanpo hasi du partidua eta valentziarrek erasoan dituzten armak erakutsi dituzte. Gauzak horrela, 15. minutuan egindako kontraeraso batean atezain nafarrak penaltia egin dio Valentziako aurrelariari. Aurrelariak berak jaurti du penaltia eta baita sartu ere. Golaren ostean, Osasuna piztu egin da eta erasoan jokatzen saiatu da, baina ez du gola sartzeko aukera argirik izan. Lehen zatia bukatu baino bost minutu lehenago, Valentziako jokalari batek zelai erdian baloia galdu du, gorritxoak kontraerasoan irten eta gola sartzea lortu dute.
Bigarren zatian, gauzak antzera joan dira: Valentzia erasoan eta Osasunak baloia eskuratu bezain laster kontraerasoan irteten saiatu da. Talde nafarraren saiakera batean, bigarren gola sartzea lortu dute. Gola sartu eta gero Osasunak baloia izaten saiatu da eta valentziarrak urduritzen hasi dira. Gorritxoen erasoan egindako jokaldi polit batean, Valentziako atzelari batek txartel gorria ikusi du eta nahiz eta partidu bukaera arte 10 jokalarirekin jokatu, ez dute amore eman eta, nahiz eta ez lortu, berdinketaren gola sartzen saiatu dira.