Jesus Elortza uberarra, "kolore eta ibilbide desberdineko" Bilduren zerrendako buru

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko api. 20a, 12:31

Atzo, martitzena, iluntzean aurkeztu zuten hautagaitza. "Kolore eta ibilbide desberdiineko" herritarrez osatutako herritar abertzale eta ezkertiarrez osatutako zerrenda, ekitaldian azpimarratu zutenez.

Atzo, martitzena, iluntzean aurkeztu zuten Bilduren hautagaitza eta asmo nagusiak, Irizar etxean egindako ekitaldian, ikus-entzunezkoez lagunduta.

Bergarako abertzale eta ezkertiarrendako egun historiko gisa definitu zuten atzokoa ekitaldi hasieran "kolore eta ibilbide desberdinetako bergararrak elkartu direlako momentu berezi honetan Bergararen alde lan egiteko".

Osatu duten hautagai-zerrendari dagokionez, kide guztiak euskaldunak, abertzaleak eta ezkertiarrak direla azpimarratu zuten. Adin eta sexu aldetik orekatua dela ere esan zuten; herriko auzo ezberdinak ondo ordezkatuta daudela eta zerrendako kide guztiek Bergararen aldeko lanean dihardutela: euskalgintzan, auzo batzarretan, sindikalgintzan, gazte mugimenduan, hezkuntzan, etab.

Hemen Bilduren zerrenda:

  1. Jesus Elortza Olabe. Metaleko langilea eta Uberako Auzo Alkatea.
  2. Jaione Isazelaia Igartua. Irakaskuntzako langilea, Irakaslea Aranzadi Ikastolan.
  3. Lauri  Askargorta Irizar. Enpresaria eta Zinegotzia.
  4. Leire Iruin Ezkurra. Irakaskuntzako langilea  eta Jarduneko Lehendakariorde ohia.
  5. Maren Belastegi Guridi. Fisioterapeuta eta Irakaskuntzako langilea.
  6. Ariane Kareaga Irazabalbeitia. Irakaskuntzako langilea Eskoriatzako Unibertsitatean (HUHEZI) eta Lankiko langilea.
  7. Piti Madariaga Lete. Sindikalista eta metaleko langilea.
  8. Maider Arregi Intxausti. Bide, Portu eta kanal Ingeniaria.
  9. Javi Bengoa Ugarte. Irakaskuntzako langilea Migel Altunan.
  10. Alan Gutierrez Celaia. Langilea.
  11. Maria Amalia Albeniz Sasieta. Administraria  eta sindikalista.
  12. Javier Garmendia Aiastui. Jubilatua.
  13. Nagore Iñurrategi Irizar. Irakaskuntzako langilea Eskoriatzako Unibertsitatean (HUHEZI).
  14. Iñaki Arizmendiarrieta Belar. Langilea  (Angiozar).
  15. Arantzazu Zabaleta Murgiondo. Langilea.
  16. Ander Elorza Peñaranda. Irakaskuntzako langilea eta Topografoa.
  17. Nerea Agirrezabal Gauba. Langilea (Osintxu).
  18. Nora Madariaga Oteo. Teknikaria eta Langilea.
  19. Elsa Manso Valdes. Langilea.
  20. Iraitz Arizabaleta Gantxegi. Ikaslea eta Gazte Asanbladako kidea.

Bilduren helburuak

Zerrenda aurkeztu eta gero, Jesus Elortza alkategaiak hartu zuen hitza eta Bilduren helburuak azaldu zituen: "Azken urtietan Bergaran hasitako aldaketa politiko eta sozialakin jarraitzeko aukeratu nabe alkategai. Neretzako ohore bat da Euskal Herrixan bizi dogun egoera berezi eta garrantzitsu honetan Bildu bezelako kualiziño anitz eta zabala ordezkatzia".

Gaur egun agintean daudenak ere izan zituen gogoan: "Azken lau urtietan bide oparo bat urratu dabe Bergarako Udalian, zoritxarrez, orain arte agintian egon dien alkate eta zinegotziek ezingo dabe bere lanakin jarraittu, Espainiako Gobernuak Sortu ez legeztatzia erabaki dabelako. Lehenengo eta behin, Bilduk egoera hau gogor salatzia nahi dau".

Datozen lau urteei dagokienez zera esan zuen: "Dauzkagun erronkei Bergararrok batuta egin behar dotzagu aurre. Bergarako Bilduren konpromisua da herritarren nahi eta biharrak udaletxera eruatia. Horretarako konpromiso nagusi bat hartu nahi dogu gaur: Bergara Bagara prozesu parte hartzailian hartutako erabakixak gure egingo dittugu eta hurrengo 4 urtietan udaletxera eramango dittugula adierazi nahi dogu. Bergara, bergarar danon egitekua dalako eta gu bergararrekin konprometiduta garelako".

Eskubide politikoak

Lauri Askargortak ere hartu zuen hitza eta Bilduk aldaketa politikoan sakontzeko egiten duen proposamena azaldu zuen. Hala, Euskal Herrian martxan dagoen prozesua bukaeraraino iritsi dadin Udaletik hondar alea jarriko dutela esan zuen; Bergara euskalduna nahi dutela eta horretarako euskalduntze plan berri bat egingo dutela, integrala, osoa; eta Euskal nortasuna eta kultura Bergaratik indartu nahi dituztela eta horretarako Bergararen historia eta nortasuna, euskal kultura eta identitatearekin lotzeko Bergarako Curriculuma ikastetxe guztiekin elkarlanean osatzeko konpromisoa hartu dutela.

Eskubide sozialak

Gauden krisi garaian, aldaketa sozialarekin jarraitzeko duten asmoaren berri ere eman zuen Maren Belastegik: "Gure konpromisoa da eskubide sozialak bergarar guztiei bermatzea. Bereziki, krisia gogorren kolpatzen ari den herritarrei", esan zuen.
Horrekin batera, enplegua sortzeko konpromisoa hartu zuen, zabor bilketa sailkatuaren aldeko apustua egiten dutela azpimarratu zuen eta etxebizitza eskubidea bermatzeko alokairu soziala; gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzeko plan integrala; eta migratzaile zein Bergararren artean Kultura-artekotasuna bultzatzeko migrazio mahaia osatuko dutela azaldu zuen.

Herriarendako proiektuak

Herriarendako dituzten lehentasunezko proiektuen artean hauek aipatu zituzten aurkezpenean: "erabilera anitzeko Antzoki berria egingo dugu; zaharren egoitzaren ardura nagusia Aldundiarena da eta behar den lan guztia egingo dugu egoitza lortzeko; Martokuako eskolak auzoaren zerbitzura jarriko ditugu; Errege Seminarioa bergararrontzako berreskuratu nahi du. Hurrengo lau urteetan espero dugu Aldundiaren jarrera hobea edukitzea, permuta lortzea eta bertan liburutegi berria eta museoa eraikitzea; kirol instalazioak berritu eta osatzen saiatuko gara; eta parke eta berdeguneak birgaitu eta egokitu egingo ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak