Aldaketa horiek beharrak eraginda egin behar izan dituzte Lokatzako antolatzaileek, ibilbideari dagokionez Gipuzkoako barnealdean egin daitekeen proposamen ederretako bat delako martxa zikloturista hori: "Aldaketa da Lierniako igoera kendu egin behar izan dugula, baina ibilbidean bost mendate nahi genituen, eta Lierniaren ordez aurten ziklistek Barbarisko mendatea igoko dute", adierazi du antolatzaile lanetan dabilen Unai Asurmendik.
Eta ibilbide aldaketa txiki hori egin behar izan dute egun horretan Euskalduna trofeoko Santikutz Klasikoarekin (Espainiako Koparako baliagarria) bat ez egiteko: "Eurekin errepidean bat egitea buruhaustea izango litzateke, izan ere, behin baino gehiagotan gelditu egin beharko ginateke", adierazi du Unai Asurmendik.
Barbaris hirugarren mailako mendatea da, Zerainetik Segurara bidean dagoen lehen biribilgunean eskumatara hartu ostean hasten dena, eta askok Euskal Herriko Itzuliko lehenengo etapan ezagutu zutena: "Lau kilometro inguruko igoera izango da, baina ez nuke esango ibilbidearen gogortasunean eraginik duenik. Orotara iaz baino hiru kilometro gehiago egingo ditugu (103) baina ez gehiago". Kilometro kopuruarekin, baina, ez dadila inor despistatu. Joan den astean Deba-Deba martxa egin zutenek 160 kilometro pilatu zituzten hanketan [600 lagun batu ziren irteera puntuan]; distantzian Bergarakoa dezente motzagoa da, baina gainditu beharreko mendateei dagokienez, ez dago kolorerik; izan ere, Udana zen Debako martxan gainditu beharreko mendate gogorrena.
Araudi frantsesaz
Maiatzaren 1eko hitzorduari dagokionez, kontutan hartu aurten Gipuzkoako martxak araudi frantsesean oinarritu dituztela, ziklisten arteko lehiakortasuna txikitzeko asmoz –eta jendeak trafiko araudiak errespetatzeko helburuaz. Hala, ziklistak ez dira denak batera irtengo, 08:30ean hasita ordubete egongo da taldeka irteten joateko. Lasterketa buruan ez da probako autorik joango, inork ez ditu bidegurutzeak ziklistendako zainduko –ez da lasterketa bat– eta proban zehar ez da denborak hartzeko txipik egongo. Hala, hori da Bergarako martxako beste nobedadeetako bat, iaz Elosuko igoera kronometratuak zikloturisten lehiarako grina guztiak asetu zituelako.
Izenematea zabalik dago
Bergarako 5+3 zikloturismo martxarako izenematea zabalik dago, Bergarako bizikleta dendetan edota hemen. Eta adi, egunean bertan izena ematea baino askoz ere merkeagoa delako aurrez ematea (federatuek 15 euro, ez federatuek 20 euro).
Bergarako 5+3 martxako ibilbidea hemen.