Nerea Martiartu: "Posible izan behar da lana eta bizitza pertsonala kontziliatzea"

Mirian Biteri 2011ko api. 26a, 02:00

Apirilaren 14an (eguena), Lana eta bizitza pertsonala kontziliatu, nola? izeneko jardunaldia egin zuten Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Hizlarien artean, Bilboko Deloitte aholkularitza enpresako kudeatzaile Nerea Martiartu izan zen. Besteak beste, gaur egun Europan erabiltzen diren ereduen gainean egin zuen berba.

Posible da lana eta bizitza pertsonala kontziliatzea?
Posible izan behar du. Gizartean pertsonalak eta ekonomikoak diren hainbat erronka ditugu emakumeok eta gizonok; tartean, jaiotza-tasa eta enplegua mantentzea. Lehengo Lisboako Estrategia 2010 eta oraingo Europa 2020: hainbat helburu aurreikusi dituzte enpleguari dagokionez. Horren arabera, 2020ra bitartean, biztanleen %75ek aktibo egon behar dute. Horrek eskatzen du gizonez gain emakumeek ere lan egin behar dutela.

Horren harira, askotan, kontziliazioa emakumeei zuzenduta dagoela ematen du...
Hala da. Kontziliazioa hasten da arduren banaketarekin. Gai hori gaindituta izan beharko genuke. Europarrak garela esaten dugu, baina gai askotan azkenak gara. Seme-alabendako ez ezik, kontziliazioa aisialdirako eta formaziorako ere egokia da. Kontziliazioa umeekin lotzen dugu, baina bizitza pertsonala askoz gehiago da. Gauza garrantzitsu asko dago jokoan.

Lana eta bizitza pertsonala kontziliatu, nola?
Ez dago eredu bakarra. Lana da eguna egituratzen duena, eta, horren arabera, beste bizitza guztia antolatzen duzu. Jaurlaritzak eskatuta horren gaineko ikerketa egin genuen, eta Europako ondoko herrialdeak aztertu genituen. Frantzia, Portugal eta Italian antzeko ereduak izango zituztela uste genuen; oker geunden. Uste genuena baino urrunago gaude; zer esanik ez Danimarka, Suedia eta Finlandiako ereduez.   

Nolako ereduak dituzte han?
Esan bezala, ez dago eredu bakarra. Baina toki askotan goiz sartzen dira lanera; eguerdi partean, ordu erdiko tartea hartzen dute zerbait hartzeko, eta 17:00 aldera lanetik irteten dira. 22:00ak arte nahi dutena egiteko denbora daukate. Aisialdiari dagokionez, askotariko gauzak egiteko aprobetxatzen dute.
Gurean, normalean, beranduago sartzen gara lanera, eta eguerdian oso luzea den atsedena izaten dugu. Joan-etorri asko egiten dira ostera ere jateko, horrek dakarren kutsadurarekin. Atseden hori ez da batere eraginkorra. Arratsaldean, 20:00etan irteten gara lanetik; denbora aurrera doa eta gauerdira arte ez goaz ohera.
Horrek guztiak eragiten du azken ordu horietan telebistari begira egoteko ohitura dugula. Aisialdiaren kalitatea bermatu egin daiteke gaur egun daukagun ordutegiarekin.

Egoera horri buelta emateko, Jaurlaritzak horren gaineko proba pilotua jarri du martxan hainbat enpresaren laguntzekin; tartean, Bergarako Lazpiur dago. Emaitzarik bai?
Ez, ez dago emaitzarik. Egoera ez da egun batetik bestera aldatzen, eta horretan gabiltza. Prozesu parte-hartzailea egin nahi dugu, eta horretan gaude murgilduta. Igarri duguna da aldez aurretiko oso jarrera ona dutela enpresa parte-hartzaileek. Dena dela, kontziliazioak ez die enpresei bakarrik eragiten. Kontuan izan behar da komunikabideetan gaueko albistegiak aurreratu beharko liratekeela eta garraio publikoen ordutegia moldatu. Bestalde, lan-hitzarmen kolektiboan ez da askorik tratatu den gai bat, eta sindikatuek ere kontuan hartuko beharko lukete.
Jaurlaritzak badaki horrek ez diela enpresei bakarrik eragiten, baina zeresan handia dutela uste du, eta, hori dela-eta, interesatuta dauden enpresek laguntza izateko gida bat ondoan izatea ondo egongo litzatekeela, eta metodologia zabala duen proiektua egitea eskatu zigun. Metodologia hori hainbat enpresaren laguntzarekin muntatzea egokia izango litzatekeela bururatu zitzaion, eta horretan dihardugu.

Ordutegi-malgutasuna, telelana, lanaldi jarraitua… Eredu bakarra ez badago ere, hainbat irtenbide egon daitezke enpresa bakoitzaren egoerara egokituta, ezta?  
Hori da. Baliabideen optimizazioan dago gakoa; langile eta lana ematen dutenen artean ematen den baliabideen optimizazioan. Ez dago eredu bakarra. Euskaltelen, esaterako, lanaldi jarraitua ezarri dute kolektiboaren zati handi batean.
Azken horren harira, kontuan hartu behar da enpresa bakoitzean kolektibo ezberdinak daudela eta guztiei ez zaiela eredu bera aplikatzen. Tailer batean gauez daudenek agian ez dute aldatu nahi, bestelako ordainsariak dituztelako. Euskatelek aukeratutako eredua, dena dela, ez da zabalduena. Baina ordu erdiko atsedena aurreikusten duena da ondoen ikusita dagoena.  

Behin baino gehiagotan entzun dut horrelako eredu bat jarraituz gero produktibitatea handitzen dela. Horrela da?
Zalantza daukat. Enpresa batean gauza asko egin behar dira. Denboraren optimizazioa lortu behar dugu. Txipa aldatu beharra dago, eta, agian, ebaluazio eredua ere aldatu beharko litzateke. Presente egoteari agur esan behar diogu; ez goaz lanera aulkia berotzera, ondo lan egitera baizik. Esan beharra dago azken urteotan asko aldatu dela egoera; baina oraindik asko dago egiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak