Soslaia |
|---|
|
Jesus Elortza Olabek 51 urte ditu, ezkondua dago eta bi alabaren aita da. Industria maisutza ikasketak ditu eta lantegi baten dihardu gaur egun. Uberarra jaiotzaz, Uberan bizi da gaur egun eta hango auzoalkate ere bada. Dio, azken urteotan Udalean egin den lana ezin dela ezerezean geratu eta herritarren ahosa izan nahi dutela Udalean. |
Zergatik zaude politikan?
Oso gaztetatik hasi nintzen politikan, independentziaren aldeko jarrerak eraman ninduen horretara. Baina, nirea beti izan da herri politika eta auzo lana, horrek bultzatu ninduen Uberako auzoalkate izatera lehen, eta orain erronka berri hau onartzera.
Zela animatu zara zerrendaburu izatera?
Oso egoera berezia bizi dugu, Bergaran adibidez 300 lagunetik gora, bere ideiengatik ezin dira hauteskundeetara aurkeztu, tartean oraingo alkate Agurne Barruso. Arduratik hartutako erabakia da eta egoera zail honi erantzuten diona. Behin erabakia hartuta, oso ilusinatua nago nire onena herriari eskaintzeko asmotan.
Zer eskaini nahi dio Bilduk herriari?
Azken urteotan Bergarako Udaletik egin den lana ezin da ezerezean gelditu. Horregatik, Bergarako abertzale eta ezkertiar ugari, pentsamendu eta ibilbide desberdinetakoak elkartu gara Bildun. Indarren baturak ematen duen ilusioarekin eta elkartu garen pertsona taldearen gaitasuna ikusita martxan dagoen aldaketa politiko eta sozialean sakontzeko aukera izango dugulakoan nago.

Zuen programaren ardatz nagusiak, labur-labur:
Herritarren ahotsa izan nahi dugu udaletxean. Azken hilabeteotan ehunka bergararrek Bergara Bagara prozesuaren bitartez 2020ra bitarteko plan estrategikoa egin dute eta gure konpromisoa da plan hori udaletxetik betetzen ahalegintzea. Bergara, herritarrekin batera eraiki nahi dugu eta parte hartzea izango da gure jokamoldearen ardatza.
Gure proiektuaren erdigunean herritarrak daude, Bergararrak gustura bizi eta beraien behar guztiak herrian asetzeko aukera eman nahi dugu: arlo sozial zein ekonomikoan, kultura eta denbora librean,…. Krisi garaiak baldintzatuko ditu lau urte hauek zentzuz, baina, ahalegin haundia eginez 4 urte oparo izango direlakoan gaude.
- Kultura. Kultura sortu eta Kulturaz gozatzeko erabilera anitzeko Antzokia edo Auditoriuma egitea gure lehentasun nagusietako bat izango da. Berreskuratzen ari den Herri giro hori indartzea ere nahi dugu.-Nagusiendako egoitza. Erresidentzia berria behar dugu, daukaguna oso leku txarrean dagoelako, zaharkitua eta txiki gelditu delako. Hurrengo legegintzaldian Diputazioarekin negoziatzea tokatuko zaigu eta ahalegin haundia egiteko prest gaude.
-Euskara. Euskararen ezagutza eta bereziki erabilera bultzatzeko Plan Estrategiko berria egingo dugu.
-Gazteria. Aisialdiaz gozatzeko aukera eman nahi dugu. Batetik, aisialdirako ekimenak eta guneak eskainiz; eta bestetik, gazteek beraiek sormena eta autogestioa antolatzeko erraztasunak emanez.
-Haurrak. Txiki txokoen proiektuarekin erdigunean jarraitu eta Martokoko eskolan ere antzeko proiektua martxan jarriko dugu. Kasu honetan, haur txikientzako izateaz gain, herriko pertsona nagusienentzako ere birgaituko dugu eskola. Bide batez, San Antoniotik, Labegaraietarainoko ingurune hori bizi berritzeko ahaleginean jarraituko dugu.
-Auzoak. Auzoetan bizi diren herritarren oinarrizko beharrak ase eta auzoak bizirik mantentzeko ahalegina egin behar dugu. Horretarako udalaren ahaleginaz gain, auzoek hainbat proiektu autogestionatzeko bitartekoak jarri nahi ditugu, auzotarrekin elkarlanean.
- Lana. Hainbat alderdiren joerarekin amaitu eta krisi garaian, eskubide sozialak bermatzeko ahalegina egin behar dugu. Okerren pasatzen ari direnei lagunduz eta enplegua sortzeko politikak garatuz sektore guztietan: industria, nekazaritza, turismoa eta merkataritzan.
- Etxebizitza. Etxebizitza hutsak alokairura ateratzeko ahalegina egingo dugu, etxea behar dutenen eta jabeen arteko zubilana eginez.
- Ingurumena. Energia kontsumoa ahalik eta gehien aurrezteko neurriak hartuko ditugu, batetik; bestetik, sortzen dugun zaborra eta hiri ondakinak birziklatzeko apustua egiten dugu, horretarako aukera onena jarriko dugu abian, bilketa selektiboa.
- Herriko Parke eta berdeguneak birgaitzea. Bergararen ondarea ere bikaina da maila honetan eta balorean jarri beharra dago, herritarrek gune hauetaz gozatzeko eta kanpotik datozenei dugun herri ederra erakusteko
- Kirola. Agorrosingo Kirol Gunearen espazioak hobeki aprobetxatu eta gimnasiorako espazio berria sortu nahi dugu. Labegaraietan aldiz, kanpoko kantxak estaltzeko proiektua egin asmo dugu. Kirol Elkarteari dagokionean, martxan den hausnarketa prozesua amaitu eta Kirol Elkarte berritu eta batua bultzatzen ahaleginduko gara.
Parekidetasuna. Legegintzaldi honetan egindako berdintasun plana, arlo guztietan aurrera eramango dugu.
- Migrazioa. Harrera plana osatuko dugu, herrira datozen guztien eskubideak bermatzeko. Honekin batera, migratzaile eta herritarrekin batera migrazio mahaia osatuko dugu, eskubideak bermatu eta kultur artekotasuna bermatzeko.
- Mugikortasuna. TAO sistemaren kudeaketarekin jarraituko dugu erdigunean. Honetaz gain, erdigune zein periferiako auzoetan aparkaleku berriak egingo ditugu. Honekin batera, Ibargarai herriko trafikoa zuzentzeko ardatz nagusi bilakatuko dugu. Era berean, garraio publikoa bultzatuko dugu: urbano zerbitzua osatuz; eskualdeko loturarako bus zerbitzu egokia egotea ziurtatu eta Dipautazioari, Tranbia egitea eskatuz.
- Parte hartzea. Hau guztia, herritarren laguntzarekin egin asmo dugu. Demokrazia parte hartzaile eta erabakitzailea bermatzeko neurriak hartuko ditugu.
Lanean hasi eta herritar zein oposizioari herrigintzan laguntzeko ateak parez pare ireki.
Gertutik |
|---|
|
Herriko txokorik gustukoena: Ubera. Herritar bat: Jose Luis Elkoro. Pertsonaia historikoa: Telesforo Monzon. Telebistako saio bat? El conquistador del fin del mundo. Sare sozialetan ibiltzen zara. Non? Bai, geheinetan lan kontuegatik. Irakurri duzun azken liburua? Sintesis de la historia de Navarra, Luis Mari Martinez Garaterena. Egunkaririk irakurtzen duzu? Gara eta Berria. Eta erosten? Esandako biak Ikusi duzun azken filma? Avatar. Abesti bat? Hegoak ebaki banizkio. Mania bat? Oso metodikoa naiz. |