Bergarako EAJk Aintzane Oiarbide aurkeztu du, "Bergararen garapena sustatzeko"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko apirilaren 13a

Aintzane Oiarbidek, Bergarako EAJren hautagaien zerrendaren aurkezpen ekitaldian esan duenez, "Bergara, Debagoiena bailaran atzera geratu da. Industriarik garrantzitsuenak desagertu egin dira berririk ez dator. Datorren lau urteak oso garrantzitsuak dira egungo krisi egoerari aurre egiteko".

Bergarako EAJ-PNVk Aintzane Oiarbide aurkeztu du Bergarako alkatetzarako. Oiarbidek alderdikideen eta GBBko presidente Joseba Egibarren babesa jaso du. Zerrendaburuaren hitzetan, "guk Bergarari eskaintzen diogu garapen ekonomiko, industrial eta komertziala sustatzeko lantalde sendoa. Gure seme-alabek Bergaran bizitzeaz gain, bertan lan egitea nahi dugulako. Industria proiektu berritzaileak bilatu eta bultzatuko ditugu Foru Aldundiarekin batera".

Aintzane Oiarbideren ustez, Bergarako komertzioaren egoera tristea suspertzea da EAJren beste lehentasunetako bat. Horretarako "ezinbestekoa da parking bat eraikitzea gure auzoetakoak eta baita kanpoko jendea ere Bergarara erosketak egitera etor daitezen". 

 Udal langile kopuruak %25 gora

EAJko zerrendaburuak azpimarratu duenez, "2007tik 2011ra bitartean, 143 langiletik 180 langile izatera iritsi da Bergarako Udala. % 25aren igoera. Hau guztia inolako justifikaziorik gabe". Eta, aldi berean, honakoa esan du: "Udalaren kudeaketa zorrotza egiteko egitasmo sendoa jarraituko dugu, inprobisaziorik gabekoa. Eusko Alderdi Jeltzaleak demostratu du erakunde desberdinetan kudeaketa zorrotz eta gardena egiten badakiela. Hauxe da gure kredentziala".

Amaitzeko, Aintzane Oiarbidek segidakoa azpimarratu du: "Bergara lehiakorra, dinamikoa, kultura zalea, bizitzeko atsegina, zerbitzu onak dituena eta ahulenekin solidarioa nahi dugu. Pertsonak bizitzeko herria. Iskanbilarik eta beldurrik gabe, pertsonak aske bizi daitezen Bergara. Ondorengo lau urteotan Bergararen etorkizuna dago jokoan. Gaur egindakoak erabakiko du bihar nolakoak izango garen". 

Egibar: "Kudeaketatik nazioa eraiki"

Bestalde, Joseba Egibarrek esan duenez, EAJ-PNV errealitatean oinarritutako proiektuak aurkezten ari da. Ildo beretik, GBBko presidenteak honakoa esan du: "Bertako kudeaketatik abiatuta, gure nazioa eraiki behar dugu, eta eraikiko dugu. Egibarren ustez, herrigintzan balore batzuk behar dira, eta EAJ-PNVk balore horiek eskaintzen ditu.

Era berean, Joseba Egibarrek adierazi duenez, azkeneko 30 urteetan EAJ-PNVk hartu dituen erabakiak Euskadi puntan jartzeko balio izan dute. Honenbestez, egoera ekonomikoa aztertu du, eta nabarmendu du, hazkunde ekonomikorik gabe ez dagoela lanpostuak sortzerik. "Hazkunde hori lortzeko eta krisialditik ateratzeko, modelo propio eta orekatua behar dugu. Gure ekonomiak nazioartera zabaldu behar du".

Amaitzeko, GBBko presidenteak honakoa azpimarratu du: "Denok ahaleginak egin behar ditugu ekimenak, ekintzak eta proiektuak aurrera eramateko, herriak aurrera egin dezan".

Zerrenda osoa

1. Aintzane Oiarbide Iruretagoiena

  • 47 urte.
  • Euskal Filologian lizentziatua. Deustuko Unibertsitatean.
  • Telebista saioen ekoizle, errealizatzaile eta zuzendaria izan da  Gestmusic Endemol enpresan, ETB, Tele 5, TVE, Antena 3, Telemadrid, TVG eta Holandako telebista kateetan lehen mailako produkzioak burutu dituelarik.
  • 2007-2011 legealdian, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan da. Bide Azpiegituretako EAJko bozeramaile.
  • Egunkari eta aldizkarietan kolaborazioak idazten ditu eta irrati eta telebistetako eztabaidetan parte hartzen du. GOIENAko kolaboratzailea da.
  • Ezkonduta dago eta 5 urteko seme baten ama da.
  • Oso gaztetatik kultura ekintzetan parte hartu du, batez ere musika arloan.
  • Euskal Herriaren eraikuntza eta abertzaletasunaren defentsa izan dira bere bizitzako bizkar-hezurrak.

 

2. Rafa Amasorrain Zabala

  • 55 urte
  • Industria Injinerua.
  • Ulmako promozio zuzendaria.
  • Zinegotzia Bergarako Udalean.

 

3. Juan Jesus Alberdi Landa

  • 47 urte.
  • Goi mailako Industria injinerua.
  • Cegasa taldeko industria zuzendaria.


4. Maite Barrena Aranburu

  • 63 urte.
  • Zuzendaritza idazkaria. Erretiratu berria.
  • Zinegotzia Bergarako Udalean.

 

5. Ander Alberdi Lete

  • 43 urte.
  • Zuzenbidean lizentziaduna eta administrari-kudeatzaile.
  • Garrailan S.L. enpresako bazkide-administraria.

 

6. Irune Galarraga Ezenarro

  • 35 urte.
  • Erizaintzan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean
  • Aita Menni ospitaleko erizaintza zuzendaria.

 

7. Lander Arregi Intxausti

  • 48 urte.
  • Nekazaritza Injinerua.
  • Itsasmendikoiko enpresa eta formazio arduraduna.

 

8. Maite Agirre Iribar

  • 23 urte.
  • Zuzendaritza idatzakritzan diplomatua.
  • Une honetan, enpresa administrazio eta zuzendaritza ikasten dihardu.


9. Iñigo Jauregi

  • 46 urte.
  • Injineru teknikoa.
  • Ulma Handing Systems-eko negozio lerroen zuzendaria.

 

10. Irune Ureta Zabala

  • 23 urte.
  • Podologia ikaslea.

 

11. Oier Bolibar Mendizabal

  • 34 urte.
  • Goi mailako Industria injinerua.
  • Ulma Forja kooperatiba Elkarteko esportazio arduraduna.

 

12. Maria Eugenia Igartza Azkarate

13. Iñaki Arregi Akizu

14. Miren Idigoras Agirregabiria

15. Ignacio Arriola Irizar

16. Itziar Zabala Bilbao

17. Iñaki Arrondo Agirre

18. Miren Lazkano Azkargorta

19. Isabel Suinaga Azkarate-Askasua

20. Jose Mari Ormaetxe Elustondo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak