Soslaia |
Duela 53 urte Trintxerpen jaiotakoa izan arren, 1980az geroztik bizi da Bergaran Mari Carmen Barrenetxea, Alderdi Sozialistak Bergarako alkate izateko bigarren aldiz proposatu duen emakumea. Idazkaritza ikasketak burutu eta bost urtez horretan lan egindakoa, duela bi urte unibertsitatean sartzeko probak egin zituen eta Gizarte Langintza ikasten hasi zen. Ikasketak alde batera utzi behar izan zituen baina minbizia antzeman ziotenean. Ezkondua, bi alabaren ama eta hiru bilobaren amona da; egun bere etxearen ardura eta Udaleko lana dira bere okupazio nagusiak. |
Bigarren aldiz, Bergarako sozialisten zerrendaburu izango zara. Zerk eraman zaitu errepikatzera?
Gogorra izan arren, asko ikasi dut. Hemen bokazioz nago, eta baita alderdiari laguntzeko ere.
Legealdi gogorra izan da zuretzat, besteak beste, minbiziari aurre egin behar izan diozulako.
Apirilaren 21ean urte bat beteko da operatu nindutela. Ondo eroan dut, gogo handiarekin. Tratamenduak jarraitu behar dituzu, baina hori da dagoena. Egunen batean apur bat gaizki bazaude, etxean geratzen zara; baina bestela, aurrera, ez da besterik geratzen.
Bergaran ordezkaritza lortu zuen alderdi ez abertzale bakarra izan zineten duela lau urte. Ze emaitza lortzea gurako zenukete datorren maiatzaren 22an?
Gure xedea hiru zinegotzi lortzea izango zen, hori itzela izango litzateke. Ez dugu bi baino gutxiago lortzerik espero; hirura heltzea da helburua.
Zure aurkezpenean esan zenuenez, Bergararako proiektu bat duzue. Zeintzuk dira proiektu horren ildo nagusiak? Zer da Bergararrei eskaini gura diezuena?
Gazterian, batez ere, gazteen formazioa, lana lortzea eta tailer okupazionalak bultzatzea. Horretarako dago Miguel Altuna Institutua; eurengatik ez balitz, ezingo genituzke tailerrak burutu eta eskerrak ematen dizkiegu.
Hezkuntza arloan, eskola publikoaren beharrei erantzutea eta beka gehiago eskaintzea dira gure proposamenak.
Hirigintzan, babes ofizialeko etxeak nahi ditugu bai gazteentzat eta baita helduentzat ere. Miguel Altuna Institutua lekuz aldatzeari dagokionez, hasieran esandako lekura eramatea planteatzen dugu, Candy lantegiaren ondora. Baita UNEDen permuta gauzatzea ere; legealdi honetan gauzatzea espero genuen, baina arazo ekonomikoengatik geratu egin da, baina saiatzen jarraituko dugu.
Gizarte ongizatean, asmoa da 50 urtetik gorako langabeei formazioa ematea eta enpresa baten sartzen saiatzea edo tailerren batekin kolaboratzea. Gizarte larrialdietarako laguntzak mantentzea ere bada gure helburuetako bat: ezin zaizkie laguntzok jende nagusiari kendu. Mantentzea, eta gehitzea; badakigu murrizketa alor guztietan egon direla, baina mantentzea behintzat.
Euskarari dagokionez, gure asmoa da udaletxean itzultzaileak jartzea, eta euskaltegiak HABE eta EUDEL bidez finantziatzea.
Errege Seminarioaren eta Arrizuriaga jauregiaren arteko permutaren gaia pil-pilean egon da legealdi honeta eta badirudi hurrengo legealdian ere hala izaten jarraituko dutela. Zuek permutaren alde agertu zarete; zergatik? Eta zer proposatzen duzue berau lortzeko?
Elkarrizketa asko izan ditugu, UNEDeko zuzendariarekin lan pila bat egin dugu, akordioetara iritsi gara, baina permuta egiteko orduan Diputazioak geratu egin zuen, eta ea hori gauzatzen da.
Gu permutaren alde gaude herriarendako eskaintza oso garrantzitsua iruditzen zaigulako. Horretaz gainera, UNED Arrizuriagara pasatzen bada, Seminarioan beste tailer eta formazio batzuk eskaini ahalko dira. Arrizuriagan gainera, lekua dago eta teknologia berriak askoz hobeto daude han.
Ni berba egin eta akordioak lortzearen aldekoa naiz; ez bada orain, aurrerago; baina, uste dut alkateak esan bezala, ea iraila baino lehen akordioetara heltzen garen.
Alkatea aipatu duzu, esan daiteke permutarena izan dela Udal gobernuarekin ados agertu zareten puntu bakarrenetakoa.
Ez zen alkatea bera izan permutari eta honen inguruko akordioei buruz berba egitea proposatu ziguna. UNEDetik zuzendariak deitu zigun; gure alderdiarekin berba egin ostean oso ondo ikusi genuen; Eusko Jaurlaritzarekin ere egin genuen berba eta eurek ere babesten zuten, hortaz aurrera egin genuen.
Aparkalekuen gaiak ere zeresan handia ematen du Bergaran. Horren harira, TAO sistema ezarri da herrian. Nahikoa da? Beste ekimenik proposatzen duzue?
Guk kontrako botoa eman genuen. Kalean batzuk bai, alde daude, leku gehiago dutela diote; baina zer gertatzen da egoiliar txartela dutenekin? Han uzten dute gau eta egun eta badirudi aparkaleku baten alogera ordaintzen dutela, ez dute mugitzen. Baina txartel hori ez duenak oso urrun joan behar du aparkatzera, eta ordubetera edo bira bueltatu egin behar da hara, eta jende asko ez ados. Guk jaso dugu hori.
Ea orain Seminarioko patioan lur azpiko aparkalekuak egiterik dagoen, Debagoieneko beste herri asko bezala, Bergara oso justu geratzen da-eta. Hori da gure planteamendua.
Udalaren gastuak izan dira zuen beste kezketako bat.
Handia dela uste dugu; badakigu urtero igo egin behar dela, baina gastu handia da. Pentsatzen dut aukera bat pertsonala murriztea dela; edo bestela murrizketak egitea, mundu guztiak jasan ditu murrizketak. EAJ ere horren aldekoa da.
Zer da Bergaratik gehien gustatzen zaizuna?
Gehien, eta 1980an hona etorri nintzenetik, elizako kanpaiak. Baina bestela orain oso polita dago Bergara. Irizar jauregia asko gustatzen zait: goitik behera berritu dute eta gainera han ikasten dut. Arrizuriaga jauregia ate bere lorategia ere asko gustatzen zaizkit.
Eta gutxien?
Ez dakit zer erantzun... Beno, akaso herriko jaien ostean egoten den usain txarra.
Zergatik zaude politikan?
Bokazioagatik. Komentatu egin zidatzen eta ez nuen ezetzik esan. Hasten bazara, jarraitu egiten duzu. Dena den, esan behar dut duela lau urte guztiz hasiberria nintzela eta udalari, herriari eta jendeari buruz gauzak ikasten joan naizela; horregatik merezi du.
Nolakoa da amesten duzun Bergara?
Gaur egungo Bergara oso ondo dago. Baina duela bost ingurura arte-edo jendeak lana zuen; gazteek zenbaitetan penagarria, baina behintzat zerbait zen. Orain ez dugu ezer eta bai gurako genuke, kosta ala kosta, enplegua sustatzea.
Eta alkate izatea lortuz gero, zein izango da egingo duzun lehen gauza?
Bide guztietatik saiatuz, akordioak lortuz, UNEDen permuta gauzatzea, eta baita enplegua sustatzea ere.
Gertutik |
|