Antonio Herzog: "Oposizioarekin adostasuna lortzen saiatzen zen udal gobernua urte haietan"

Edu Mendibil 2011ko apirilaren 13a

Kordobakoa, La Carlotakoa jaiotzez, 17 urte besterik ez zituenean etorri zen Bergarara 1960. urtean. Bera izan zen familiakoa lehena. Haren ondotik etorri ziren Antonioren sei anai-arrebak. Hainbat tokitan lanean jardun ondoren Fagorren egin zuen urte gehien, 1969tik 2004an erretiratu zen arte. Zortzi urtez Euskadiko Ezkerrako zinegotzi bakarra izan zen udaletxean, oposizioan, 1983tik 1991ra. Gesto por la paz taldearekin eta, urtetan, Elkarrirekin kolaboratu ondoren, Lokarriren bazkidea da gaur. Baikor da egun bizi dugun egoerarekin, Sortu legeztatzea faltan botatzen duen arren.

Nola hasi zinen politikan?
16 urte nituela Alderdi Komunistara hurbildu nintzen jaioterrian, Andaluzian eta Euskal Herrira etorritakoan hemengo komunistekin kontaktatu nuen. Ez geneukan Andaluzian besteko indarrik, baina tira... Baina PCEren X. Kongresuan, 1981ko uztailean, Euskal Herriko alderdi komunistaren bereizketa ekarri zuen eta alderdikideen erdiak-edo Euskadiko Ezkerrara joan ginen.

Eta handik gutxira udaletxera iritsi zinen.
Gurutz Larrañaga izan zen EEko lehenbiziko ordezkaria Bergarako udaletxean 1979an, Jose Antonio Zabala alkatea zela. 1983ko hauteskundeetan, berriz, Jose Luis Egino genuen zerrendaburu, eta ordezkari bakarra lortu genuen. Baina irailerako-edo zinegotzi karguari uko egin eta ni hasi nintzen haren partez. Bi agintaldi bete nituen udaletxean, 1991ra arte hain zuzen.

Eta epe horretan oposizioan egotea tokatu zitzaizun.
Bai. Nire lehenbiziko agintaldian Imanol Bolinaga zegoen alkatea eta EAJk zeukan gobernua, gehiengoarekin gainera. Bigarrenean HBk eta EAk osatu zuten gobernua eta tarte horretan Jose Luis Elkoro izan zen alkate. Orokorrean oroitzapen onak ditut. Nahiz eta oposizioan egon, elkarrizketa zegoen alderdien artean, PSOE agian bere kontura ibili arren... Logikoa denez, gure ezadostasunak izaten genituen eztabaidatan baina guztien arteko adostasuna lortzen saiatzen zen gobernua sasoi hartan. Niri dagokidanez, kultura eta hirigintza batzordeetan parte hartzen nuen gehienbat. Izan ere, horiek dira gehien atsegin ditudan gaiak.

Ez ziren garai errazak eta tentsioak ere izango ziren zenbait gairekin, ala?
Bai, Leitzarango autobiak esate baterako nahi baino buruhauste gehiago eman zizkigun... Horren kontura eztabaida dezente izan genituen eta egunero kalean ikusten duzun jendearekin gai zailak izaten dira horiek... Baina esandakoa: udaletxean ezagututako jendea da niretako gauzarik onena. Udaleko lana ez da batere eskergarria izaten eta hainbeste urteren ondoren lagunak izaten jarraitzen dugu. Ez da gutxi.

Udaletxean egindako lanetatik, zein nabarmenduko zenuke?
Bergarako saihesbidea eta Labegaraietako kiroldegia inauguratu ziren sasoi hartan eta nik uste dut bi proiektu horiek garrantzitsuak izan direla herriarendako. Eta arantzatxo bat ere badut: Oxirondoko azoka berriko proiektua ere ordukoa da eta ez dut uste asmatu genuenik. Orduan ere eztabaida ugari piztu zuen dendarien eta herritarren artean eta oraingo perspektibarekin ikusi dugu ez zela soluzio onena izan.

Nola ikusten duzu Bergara gaur?
Azpiegitura aldetik defizita ikusten dut herrian eta auzoei ez zaie eskaintzen behar besteko arreta. Adineko jendearendako adibidez, egoitzak edo lokalak egon beharko lirateke auzo ezberdinetan. Bestetik, Caritasekin kolaboratzen dut eta nik uste eskaleendako egoitzaren bat egotea ondo legoke, kalean lo egitera behartuta ez egoteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak