Xabier Alberdi eta Carlos Rilova: "Mende bateko oreka politikoaren eragile nagusia izan zen Andres de Madariaga"

Edu Mendibil 2011ko apirilaren 11

Carlos Rilova (Donostia, 1968) eta Xabier Alberdi (Zarautz, 1969) historialariek Andres de Madariaga bergarar ospetsuaren gaineko hitzaldia egin zuten eguaztenean udaletxean. Seminarioko elizako ikerketa historiko-arkeologikoan jardun dute biek 2009ko uda ezkero. Andres de Madariagak finantzatu zuen aipatutako eliza XVII. mendean, eta, indusketa lanak egiteaz gain, hilobiaren bi estalki eder berreskuratu eta zaharberritu dituzte Alberdik eta Rilovak.

Zelako garrantzia izan zuen Andres de Madariagak XVII. mendeko politikan eta ekonomian?
Garrantzi benetan erabakigarria. Kontuan izan behar da Limako Kontu Auzitegiko buru moduan Potosiko meatzeetan ateratzen zen zilarra kontrolatzen zuela. Zilar hori zen garai hartako aberastasun eta botere iturri nagusia. Zilar hark ahalbidetzen zuen Europako estatuen nagusitasuna edo porrota; beraz, hori guztia Madariagaren eskuetan zegoen.

Nola iritsi zen Calatravako Zaldun eta Peruko Kontuen Auzitegiko kontatzaile nagusi izatera?
Limako merkatari garrantzitsuenetako bat zela, 1673an Limako merkatarien Kontsulatuko ordezkari moduan joan zen Madrilera Carlos II.a erregearekin akordio ekonomiko bat sinatzera. Ez zuen bidaia hura alferrik galdu Madariagak; garai hartan Espainia Frantziaren aurka ari zen gerran eta Ogasuna diru premian zegoen gudarien soldatak ordaintzeko. Madariagak urrezko 10.000 ezkutuko dohaintza egin zion erregeari. Ordainetan, erregeak Limako Kontu Auzitegiko kontulari nagusi izendatu zuen. Ekonomiaren eta politikaren ikuspegitik gailurrera iritsita, sozialki ere berretsi egin nahi izan zuen bere goreneko maila eta Calatravako Zaldun izendatua izateko beharrezko gestioak hasi zituen berriz Limara bueltatu aurretik.

Haren biografiatik zer nabarmenduko zenukete?
Esandakoak nahiko nabarmentzekoak dira, baina, agian, Madariaga euskal historiaren eredu ederra dela esan dezakegu: nahiz eta munduko historia ulertzeko haren ekarpena oso garrantzitsua izan, orain gutxi arte ez genuen Madariagari buruz ia ezer ezagutzen. Gertakari hau orokorra da euskal historiaren ezagutzari dagokionez. Euskaldunok munduari egindako ekarpenak –horietako asko benetan erabakigarriak gertatu direnak– ez dira ezagunak.

Noiztik ezagutzen duzue Madariagaren historia?
Ikerlana egiten ari ginela ezagutu ahal izan dugu. Gehien inpresionatzen gaituena, agian, XVI, XVII eta XVIII. mendeetako euskaldunek zuten ekonomia eta politika gaitasun ikaragarria da. XVII. mende bukaeran indarrean jarri zen Europako estatuen arteko oreka politikaren, mende oso batez indarrean egon zen oreka politikoaren, eragile nagusienetako bat izan zen Andres de Madariaga bergararra. Oreka politika haren lehenengo emaitza Frantziako Luis XIV.aren, Eguzki erregearen, egitasmoen porrota izan zen, besteak beste.

Madariagaren azken urteei buruz ezer gutxi dakigu, ala?
Dakiguna da osasunez sendo zegoela, bere lanean buru-belarri ari zela, eta 71 urterekin bat-batean hil zela. Madariagaren heriotzaren arrazoia ez dakigu; ezta Ameriketan zituen ondasunekin zer gertatu zen ere. Haren ondorengo zuzenak, alaba eta emaztea, hura baino lehenago hil ziren, eta horrela galdu zen ondasun haien jarraipena.

Zein izan zen Madariagaren ekarpen nagusia, zuen ustez?
Agian, ekarpen nagusiena Bergaran eraiki zuen Jesuiten Eskolako eliza-mausoleo ederra da. Eliza hark 50 urte zeramatzan eraiki ezinik, beti diru eskasiarekin, eta Madariagaren dohaintzari esker lauzpabost urteren buruan amaitu ahal izan zuten, 1678rako. Jesuiten Eskolako diru arazoak betiko konponduta geratu ziren, eta, ondorioz, prestigio handiko irakaskuntza garrantzitsu bilakatu zen. Ikastetxe hura izan zen Errege Seminarioaren hazia. Beraz, esan dezakegu Madariaga izan zela gerora Seminarioak burututako ekarpen zientifiko funtsezkoak gauza zitezen hazia erein zuena.

Zeintzuk izan ziren Seminarioko eliza finantzatzeko arrazoiak eta zergatik kokatu zen eliza hantxe? Zein da elizaren berezitasun handiena?
Madariagak eliza-mausoleo bat sortu zuen jesuiten elizan. Mausoleo izaera nabarmena da benetan; izan ere, jesuiten elizetan ohikoa denaren aurka, elizaren erdi-erdian kokatu zuten Madariagaren hilobia. Bergarako jesuiten elizaren antzerako oso adibide gutxi dira munduan; benetan artelan bakarra eta aparta da. Eliza-mausoleo hau eraikitzearen arrazoi nagusia izan zen ohorea eta prestigioarekin zuen zerikusia. Madariagaren oroipena ohoratzeko eta prestigiatzeko eraiki zuten.

Madariagaren mausoleoan zer aurkitu duzue?
Aurkikuntza ikusgarriena hilobiaren estalki ederra da; harlauzez eraikitako artelan ikusgarria, Madariagaren armarri eta guzti. Azaldu ez dena haren gorpua da. Hau da, Madariaga bera ez zuten hemen lurperatu. Are gehiago, hilobi hori erabiltzeko eskubide ohoragarriari Bergarako senitartekoek ere uko egin zioten, On Andresen oroimena ez nahasteko-edo. Ondorioz, benetako zenotafio bilakatu zen, erabilgarria ez den hilobi ohoragarri. Era berean, zera aurkitu dugu: Madariagaren historiarako funtsezko biografia, Laskurainek XIX. mendean eraikitako lurzoru ederra, jesuiten komunitateko ehorzketa metodo berritzaileak, Erdi Aroan Bergarak zituen ezaugarriei buruzko datu berriak...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak