Ilustrazioa. Bergarako Errege Seminarioa unitate didaktikoa aurkeztuko dute apirilaren 12an osoko bilkuren aretoan. Unitate didaktiko hori webquest-a da; hau da, sarean eta sareko baliabideak erabiliz ikasleek lan egiteko tresna.
Elkarlanaren fruitu
Ilustrazioa. Bergarako Errege Seminarioa webquest-a elkarlanean egindako lana da eta hiru alderdi uztartzen ditu: historiaren irakaskuntza, teknologia berrien erabilera irakaskuntzan, eta artxiboko dokumentu-ondarearen eta jatorrizko iturrien erabilera.
Lehenengo alderdiari dagokionez, Ipintza institutuko irakasle Maria Jose Fernandez Txapartegik eta zentro bereko irakasle ohi Kontxi Korkostegik Ilustrazioari eta Errege Seminarioari buruzko unitate didaktikoa garatu dute.
Eibarko Berritzeguneko kide Lydia Fernandez de Luco eta Arrate Uranga arduratu dira webquest-aren alderdi teknologikoaz, eta Udal Artxiboko Pili Azkarate eta Arantzazu Oregik webquest-a egiteko agiriak aukeratu eta digitalizatu dituzte Errege Seminarioko fondoa erabilita. Horrekin batera, beste informazio iturri batzuetara ere jo dute.
Ikasleei zuzenduta
DBHko 4. mailako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako gizarte ikasleei zuzenduta dago webquest hori. Ikasleek lana, batik bat, sarean garatzea da helburua eta ikuspuntu metodologikotik gidatutako ikerketa baten bitartez ikasten dute.
Webquest-a kontsultagarri dago honako bi helbideetan: http://www.eibarpat.net/Webquest/Ilustrazioa_Bergarako_Errege_Seminarioa/index.html eta http://www.eibarpat.net/webquest/ilustracion_Real_Seminario_Bergara/.
Aurkezpena udaletxean
Ilustrazioa. Bergarako Errege Seminarioa unitate didaktikoa datorren martitzenean aurkeztuko dute, 19:00etan, osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian parte hartuko dute Agurne Barruso alkateak, Kontxi Korkostegi Ipintza institutuko irakasle ohiak eta Arantzazu Oregi udal artxibozainak.