Soslaia |
|---|
|
Jaiotzaz errenteriarra bada ere, 16 urte daramatza Bergaran, izan ere; Bergaran ezkondua da eta bost urteko semea du. 46 urte ditu, Euskal Filologian lizentziatua da eta gidoien idazkeran masterra ere badu Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Lanbideari dagokionez, ikus-entzunezko saioen zuzendari eta ekoizlea da eta zeregin hori politikarekin partekatzen du; izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide ere bada gaur egun. |
Zergatik zaude politikan?
Nire familia betidanik izan da abertzalea eta hori izan da neuk jaso dudana. Adinez nagusi izatera iritsi nintzenetik aurrera, benetako konbikzioz. Euskal Herriaren eraikuntza eta askatasunaren alde egon naiz beti eta horren alde lanean jardun dut ahal izan dudan neurrian.
Zela animatu zara zerrendaburu izatera?
Gure seme-alabentzako Bergara lehiakor baten eraikuntzan lan egiteko aukera eman dit nire Alderdiak eta nirekin batera talde oso ona osatu dugu helburu horiek gauzatzeko.
Ze eskaini nahi dio EAJk herriari?
Bergara, bailaran, Debagoienean, atzera geratu da. Datozen lau urteak oso garrantzitsuak dira egungo krisi egoerari aurre egiteko eta ezin gara Udalean eseri eta salbatzaileren bat etorriko den zain egon. Guk Bergarari eskeintzen diogu garapen ekonomiko, industrial eta komertziala sustatzeko lantalde sendoa. Gure seme-alabek Bergaran bizitzeaz gain, bertan lan egitea nahi dugulako.
Eman zuen programaren ardatz nagusiak, labur-labur:
- Garapen ekonomiko eta industriala: Proiektu berritzaileak bultzatuko ditugu empresa eta erakunde deberdinekin Bergarako industria sustatu eta lanpostu finkoak sortzeko.
- Hirigintza: Trafiko eta aparkaleku arazoei irtenbidea ematea parking berria eraikiz eta trafikoari buruzko plangintza berria proposatuz.
- Ongizatea: Erresidentzia ere aspaldian geratu zen txiki. Orain lau urte sinatu genuen Diputazioarekin hitzarmena, baina lau urte hauetan proiektua ez da burutu. Leku gehiago behar dira eta horretan buru-belarri arituko gara Foru Aldundiarekin batera.
- Kultura: Oso azpiegitura garrantzitsuak falta dira Bergaran eta behar beharrezkoak dira liburutegi moderno eta integral bat eta Auditorio bat. Azken hau ezin da korrika eta presaka egindako proiektu batean oinarritu. Guk uste dugu Bergarako alderdi guztien arteko kontsentsua behar dugula honelako eraikuntza garesti eta garrantzitsua proiektatzerako orduan. Elkarlanean egin behar da Auditorioa.
- Euskara: Gure umeen euskara mailarekin arreta handiz jokatu behar dugu. Gure umeek geroz eta erderakada gehiago botatzen dituzte eta Bergarako berbarekin, ez euskara batuarekin zer ikusirik ez dituzten jiroak geroz eta ugariagoak dira. Euskararen plangintza orokorretan umeen atalari garrantzi handia emango diogu.
- Gazteria: Gazteria, batez ere, entzun egin behar da eta momentu honetan, gehien behar dutena lana da. Gure seme-alabek Bergaran lana egiteko eskubidea bermatzeko lana egingo dugu.
Zein dira, zure ustez, herriak dituen premia nagusiak?
Lana erakartzea, industria proiektu berritzaileekin. Komertzioaren egoera tristea suspertzea, horretarako oso garrantzitsua da parking bat eraikitzea, noski, gure auzoetakoak eta baita kanpoko jendea ere, Bergarara erosketak egitera etor dadin. Eta behar guzti horien maila berean, Udalaren kudeaketa zorrotza langile kopurua hainbeste igo ez dadin (%25 a igo da kapitulu hau azken legealdian).
Gaur egungo Udal Gobernuak ur zerbitzua eta kale garbiketa zerbitzua bere gain hartu ditu, zuen iritziaren kontra. Gobernuara iritsiz gero, aldatu egingo da hori?
Gobernura iritsiko bagina Udalaren diruak gastatzerako orduan eta bergararroi zerbitzua ematerako orduan zerbitzu onena eta merkeena hautatuko genuke, noski. Honek zer suposatzen duen? Gaur egungo ur kudeaketa erabat aldatuko genukeela lehengo egoerara, izan ere gaur egun bidean galtzen diren ur litro guztiak (fuga edo jarioak ez bait dira kontrolatzen eta lehen bai), kostu bat izateaz gain, ingurumenari ere errespetoa zor diogulako. Ura eskasa izaten da zenbait epealditan eta hori zaintzeko ardura osoa gurea da. Kale garbiketari dagokionez, Udalak arazo larria sortu die garbiketako langileei. Lehen ondo zegoen zerbitzua ez dugu ulertzen zergatik hartu duen bere gain Udalak. Langile hauen lan egoera penagarria da… ez dakigu zer gertatuko den beraiekin… kaleratuak izango dira? CESPA enpresatik Udalera pasa dituztenean auziperatua izan da Bergarako Udala gauzak ez dituelako ondo egin. Gure Udal kudeaketaren estiloa ez da hau. Guk langileen baldintzak kontutan izan ditugu beti eta horrekin batera, bergararroi zerbitzu ona ematea da gure helburu. Hau izango da aurrerantzean ere gure egitekoa.
Era berean, Udal Gobernuak 2012ra arteko herriaren plan estrategikoa diseinatzen ari da herritarrekin batera. Plan hori aintzat hartuko duzue?
Nik esango nuke errespetua zor diegula herritar guztiei eta herritar hauek lan honetan parte hartu badute, irakurri, aztertu eta gure iritzia emango diegu. Baita zabaldu ere, zabalduko genuke herritarren partehartzea, ahalik eta pluralen izan dadin.
Ez zatozte bat Arrizuriaga/Seminarioa permutarekin. Ze planteatzen duzue eraikin horietarako?
Liburutegi eta Kultur etxe integral eta modernoa Arrizuriagan. Proiektua ere eginda dago.
Zer da herritik gehien gustatzen zauzuna?
Herritarrak eta Bergarako hizkera. 16 urte daramatzat Bergaran eta hasieratik hartu naute maitasunez eta betiko bergararra izango banintz bezala. Hizkera oso goxoa da eta dituen ñabardurak oso atsegin ditut.
Eta gutxien?
Gure gazteentzat geroz eta lanpostu gutxiago dagoela Bergaran. Lur industrial ugari dugu, baina hutsik gehiena. Komertzioa ere erabat makalduta dago. Alde zaharreko kaleek abandonatutako herrixka baten kaleak ematen dute. Komertziorik ez eta dagoena nahiko makal bizi da.
Zer nolako herria nahiko zenuke?
Herri lehiakorra, dinamikoa, bizitzeko atsegina, zerbitzu onak dituena eta ahulenekin solidarioa. Pertsonak bizitzeko herria. Iskanbilarik eta beldurrik gabe, pertsonak aske bizi daitezen herria.
Alkate aukeratuz gero, zer da egingo duzun lehenengo gauza?
Udalaren benetako egoeraz jabetu eta jendea entzun. Hori, hasteko.
Gertutik |
|---|
|
Herriko txokorik gustukoena: Goiko plaza izugarri gustatzen zait. Udaletxetik hasi eta Goenkalera, Bergarako historiaren zati handi bat konta daiteke iruditan. Oso atsegin nuen ere aspaldian desagertutako San Antonioko ermita zaharra. Xarma berezia ematen zion auzoari eta barruan sartzean sentimendu berezia sortzen zitzaidan. Herritar bat: Ez nuke bakar bat aipatuko. Pertsonaia historikoa: Bergarakoa, Telesforo Aranzadi. Telebistako saio bat? Denetik gustatzen zait. Kontutan hartu telebista saioak egiten 24 urte daramatzadala. Entretenigarriak, fikzioa, berriak, denetik gustatzen zait. Gogoan dut, bergarar batekin ETBrako egin nuen programa bat Baietz barrez lehertu. Mikel Laskurain zen protagonista eta taxi barruan kamera ezkutuak egiten genituen. Primeran pasa genuen. Sare sozialetan ibiltzen zara. Non? Bai. Facebook-en. Interneten zertan ibiltzen zara? Edozertarako erabiltzen dut. Egunkariak irakurtzeko, informazioa bilatzeko, medikuen kontsulta orduak hartzeko, aurrezki kutxekin gestioak egiteko, lanerako… Asko erabiltzen dut. Ze webgune bisitatzen duzu? Asko. Era guztietakoak, baina azkenaldian gehien erabili dudana Gipuzkoako Batzar Nagusietakoa, bertan batzarkide izan naizelako. Irakurri duzun azken liburua? Imanol Muruaren Loiolako Hegiak. Egunkaririk erosten duzu? Goiena papera eta Noticias de Gipuzkoa. Eta irakurtzen, zein? Berria, El Diario Vasco, Gara, El Pais. Normalean hauek Interneten irakurtzen ditut. Ikusi duzun azken filma? Uste dut Shreek-en azken filma. Nire semearekin ikusi nuen zineman. Abesti bat? Mikel Laboaren Txoria txori. Mania bat? Otorduetan beti barazkiren bat sartu behar izaten dudala. Denborarik ez badaukat prestatzeko, gutxienez, zainzuri lata bat zabaldu behar dut. |