Goienak Bergarako egoitza itxi eta Arrasaten batuko du lan taldea

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko apirilaren 8a

Bergarako egoitza itxi egingo du gaur eta Arrasatekoan batuko da Bergarako lan taldea. Hortaz, astelehenetik aurrera, Goienak ez du ordezkaritzarik izango Bergaran. Asmoa da, berandu baino lehen, herritarrak artatzeko bulego bat edukitzea herriaren erdian. Horretarako, Bergarako Udalarekin harremanetan dago Goiena.

Bezero, irakurle, ikus-entzule eta bestelako erabiltzaileok, Goienarekin harremanetan jartzeko moduak izango dira: Arrasateko egoitzan; telefonoz; webgunearen bidez, eta postaz (elektronikoz zein ohikoz).

Goienak 10 urte egin ditu Irizar jauregian. Aurretik, Berrigara-k eta Jardunek Errotalde jauregiko sotoan izan zuten erredakzioa eta egoitza. Gaur egun Jardunek daukan toki berean.

Irizar utzi beharra

Iazko urte hasieran Bergarako Udalak Irizar jauregia hustu, berritu eta beste erabiltzaile batzuk kokatu nahi zituela jakin zuen Goienak eta Udal agintariekin jarri zen harremanetan. Zurrumurrua baieztatu eta udaberrirako egoitza hustu eta utzi beharko zuela adierazi zitzaion Udaletik. Irizar Jauregirako beste lehentasun batzuk zituen Udalak, han kokatu nahi zituen-eta, Udal Euskaltegia, HHI-EPA eta KZGunea, eta erabilera askotako beste areto bat.

Labegaraietara

Arcelorreko bulego izandakoen eraikina, Labegaraietan, eskaini zion Udalak Goienari. Tratua, halere, Arcelorrekin zuzenean egin behar izan zuen Goienak. Hala, Arcelorrek eta Goienak urtebeterako hitzarmena sinatu zuten lehenengoak bigarrenari egoitza prekarioan uzteko.

Kontratua amaituta, egoitza errentan hartu edo erostea proposatu dio Arcelorrek Goienari aurten. Hori ezin jasan, eta egoitza utzi eta lan taldea birkokatzea erabaki du, Arrasatera eroanez. Arrasateko Udalak utzitako lokal batean dago Goienaren egoitza, Otalora lizentziaduna 31n. Horregatik, aurrerantzean hantxe batuko da Bergarako lan taldea.

Edozelan ere, Goienak nahiko luke herritarrekin harreman gertukoak edukitzeko Bergaran bulegoren bat edukitzea eta, horretarako, Udalarekin harremanetan dago. Oraindik ez du erantzunik jaso, baina berandu baino lehen bulegoa zabaltzea da Goienaren asmoa.

Etorkizuna Aretxabaletan

Bestalde, urte eta erdi edo bi urte barru, Goienak bere lan talde osoa, erredakzioa, komertzial taldea eta administrazioa, egoitza bakarrean batu nahi ditu eta proiektu ilusionagarri bat dauka esku artean hori gauzatzeko. Aretxabaletako Tubos bezala ezagutzen den fabrika izandako orubean eraikin berria egin nahi du MUren ondoan.

Izan ere, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko adar bat, ikus-entzunezkoa, gaur egun Eskoriatzan dagoena, Aretxabaletako Tubosera joango da. Eta haren ondoan kokatuko du Goienak bere egoitza ere. Helburua da, proiektu berritzailea abiatu eta ikasketa zentroa eta hedabide talde bat, Goiena, elkarren ondoan egotea, hainbat ekimen elkarlanean garatzeko eta bide berriak urratzeko.

Bergaran ordezkaritza

Goienaren Batzar Orokorrak joan zen astean eman zion baietza proiektuari. Hala, litekeena da 2012ko udazkenean MU eta Goiena Aretxabaletan batzea, elkarren ondoan, baina bi eraikinetan. Hori hala izanda ere, aipatu bezala, Goienaren nahia izango litzateke Bergaran egoitza txiki bat edukitzea hiruzpalau lagunendako, herritarrak artatzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak