Soslaia |
|---|
|
Bergararra, Elorregi auzoko Elorri-Goiti baserrikoa, 43 urte, eta ezkondua. Seme baten aita. Berria da politikan, edo herrigintzan. Etxe inguruan hainbat azpiegitura lanean eragin duten triskantzak ikusita, hauteskundeetara aurkeztera animatu du. Enpresa zientzietan lizentziatua eta prebentzioko goi teknikaria da ergonomia eta psikologia aplikatutako espezialitatean. Gaur egun, Bergarako Metagrako biltegiko langilea da. Batez ere, etika mailan lan egiteko beharra ikusten du eta politikara heldu berria bada ere, herriko berdeen ilusioa eta lanerako gogoa azpimarratzen ditu. Familiako baserrian, Elorri-Goitin izan gara Garitaonandiarekin. |
Zerk animatu zaitu politikan sartzera?
Txikitatik baserritik Bergarako herria ikustean, mingarria egiten zitzaidan Zabalotegiko dorrea ikustea, pegote bat zen Bergarako beste etxeekin konparatuta. Harrezkero okerrago joan dira gauzak, lehenbizi gasaren Y-a ipini zidaten muturren aurrean; gero autopista galanta; eta faltatzen zaiguna paisaia gehiago hondatzeko AHTko zubi erraldoia egingo dute Ola auzoan Biltoki inguruan; beti bezala ingurumena azken tokian gelditzen da.
"Progresoaren" izenean dena justifikatzen dute politikariek, eta "progresoa " pasatzen denean bertan behera lagatzen dituzte; hor daude lehengo Zerrajerara elektrizitatea eramaten zuten zutabeak, egoera tamalgarrian kableak erdi erorita eta zutabeak zatika erortzen. Urteak nabil egoera hau salatzen baina zerbait gehiago egin behar da gauzak aldatzeko, "progresoa" azkar eta baldar ezartzen dute baina kentzeko orduan...
Elorregi auzoan beste kasu bat daukagu Tavex lantegiarekin 40 urte eskas egin du lantegi honek eta orain itxita , toki hartan zegoen Zelaikua baserri señoriala bere armarri, arku eta ehunka urteko historiarekin kendu zuten "progresoaren" izenean. Baina sutan ipini nauena azken pentsio erreforma izan da. Gaur klase sozial pribilegiatua politikariak dira; beste guztioi lana beste bi urtez gehitzea erabakitzen dute eta beraiek pribilejio guztiekin jarraitzen dute berdin-berdin. Hau onartzen badugu gure ondorengo belaunaldiek itxaron dezaketen bakarra zera da: pentsio erreforma txarrago bat "progresoaren" izenean. Zerbait egin beharrean gaude eta ez dut ikusten beste biderik politikan parte hartuaz ez bada.
Zein da Bergara Berdeak-en eskaintza?
Ingurumenari garrantzi gehien ematen dion jendearen laguntza eta ordezkaritza udaletxean edukitzea eta boluntarioek egiten duten lana indartzea eta beraien partidu-erreminta izatea, biztaleriaren %3ak esaten duena plenora eramango genukeen, gure helburua da udalaren lan politikoa ahal den neurrian boluntarioekin eramatea eta politikariei zuzendutako dirua proiektu sozialetarako bideratuko genukeen eta gai gatazkatsuetan herri kontsultak egingo ziren.
Ezker Batuak-ek ere berde etiketa darama...
Gauzak argitzeko eta askotan planteatzen zaigun gaia denez, Berdeak-Verdes taldeak Ezker Batuarekin inongo erlaziorik ez daukala argitu nahi dugu, nahiz eta Ezker Batuak berdeak hitza erabiltzen jarraitu. Berdeak-Verdes taldeak Ezker Batuarekin zeukan koalizioa apurtu zuen ekologia politikarenak zein Berdeenak ez diren arazo ideologiko eta barne-praktikak zirela-eta. Alderdi berde europarrak aintzat hartzen dituen alderdi bakarra Euskadin gu gara.
Zeintzuk dira zuen programaren ardatz nagusiak, labur-labur?
Gazterian, herriko erabakietan parte hartzera bultzatu eskoletatik hasita. Kulturan, auditoriuma alde batera lagata (makro-eraikuntza garestiak oro har) taldeei eguneroko arazotan lagundu eta lokalei dagokienean Udalak dituenak aprobetxatu. Euskarari dagokionez, hitz egiteko euskaldun zaharrak eta berriak astean behin afari bat antolatu herriko elkarte ezberdinetan. Bestetik, kanpoko jendea euskararen bitartez gizarteratu. Kirol mailan, Labegaraietako kiroldegia eguneratu eta hirigintza mailan, trafikoa ordenatu eta udal urbanoari bere tokia eman. Bidegorri sarea egin, aparkalekuak herri kanpoaldean...
Aparkalekuez gain, badira beste gai batzuk egun Udalaren agendan: UNED ikastetxeko permuta, kale garbiketa, zaborrak batzeko atez ateko zerbitzua… Zein ikuspuntu daukazue horien gainean?
Gai guztietan dauden iritzi desberdinak plazaratu eta ondoren herri kontsultak egitea defendatzen dugu, eta gai bakoitzean erabaki ekologikoena zein den adieraziko genuke, botoak galtzeko beldur barik. Europako berdeek egiten duten bezala, adituen eta zientzialarien esanak kontuan izango genituzke ea beti ere herri kontsulten bidez irtendako erabakiak praktikan ipiniko genituzke.
Alkate irtengo bazina, zer egingo zenuke lehenbizi?
Herrian eta auzoetan dauden puntu arriskutsuak minimizatzea eta lanpostuak sortzea batez era autonomoei eta baserritarrei lagunduz, azkenengo urtetan lan burokratikoa gehitu diete-eta; lan publiko berria jornada erdikoa izango zen lana banatzeko; eta lanpostu publikoetarako oposaketan herrian egindako lan boluntarioak puntuazio garrantzitsua emango nioke; azkenik, ehungintza sektorea Bergaran indartzea posible ote den aztertuko genuke.
Ziklo berri batean murgilduta gaudela diote askok. Zela ikusten duzu gaur egungo egoera?
Oso gaizki, Sortu legeztatuta egon beharko litzateke. Denak botoen arabera funtzionatzen du. Eta herrian jeneralean udalaren funtzionamenduarekin oso deskonforme dago. Herriak ez du arlo gehienetan hobera egin eta gauza gehienak herritarren parte-hartzea gabe egin dira. Eta lehentasunak ongi aztertu gabe. Esate baterako, ez da posible Irizar jauregia berritzea eta auzo askotan kaleko argiteria desegokiarekin egotea edo ez edukitzea. Edo egunero euren etxeetatik irteterakoan arriskuan egotea errepidearen ondorioz.
Berdeak gogor dabiltza Europako hainbat herrialdetan, Alemanian esaterako. Posible duzu EHn ordezkaritza zabala izatea?
Bai,baina epe luzera. Garrantzitsuena zera da: gaudenok ingurumena eta herria hobetzeko daukagun gogoa. Erreka bazterrak garbi-garbi ikusi eta jendea bertan bainatu ahal izatea da gure helburuetako bat. Era berean, Bergara euskalduna izatea lortu nahi dugu, eta nagusiekin sentsibilizazioa; hau da, bakarrik bizi diren nagusiek etxea konpartitzea etxerik ez duten gazteekin; eta baita ere ortu ekologikotan lan egitea gazteek,, nagusien jakinduriaren laguntzarekin.