The Riff Truckers bizkaitarrek Bergarako gaztetxean joko dute zapatuan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko apirilaren 7a

Giro beroa izango da, duda barik, zapatuan gaztetxean. Eako The Riff Truckers eta Gernikako Sarkor taldeek eskainiko dute kontzertua, eta argitaratu berri dituzten diskoko abestiak eskainiko dituzte gaztetxean. The Riff Truckers 2010eko Bilbo Hiria pop-rock lehiaketako irabazleak izan ziren. Emanaldia zapatuan izango da, 22:30ean. Sarrera  hiru euro da. Kontzertua zuzenean ikusteaz gain, aukera egongo da Txapa Irratiaren bidez zuzenean jarraitzeko, FMko 97.2an eta 'www.txapairratia.org' atarian.

The Riff Truckers 2005ean sortutako rock-and-roll taldea da. Bluesa eta countrya nahasten dituzte euren kontzertuetan bizkaitarrek; eta, whiskia lagun izaten dute. On route izeneko disko berriko abestiak aurkeztuko dituzte bihar.

Bilbo Hiria pop-rock saria

The Riff Truckers 2010eko Bilbo Hiria pop-rock lehiaketako irabazleak izan ziren. Batez ere jarrera nabarmentzen dute adituek taldeari erreferentzia egiterakoan. Jarrera eta teknika ona dituzte taldekideek oholtzaren gainean. Zuzeneko bortitzak eskaintzen dituzte, inor axolagabe uzten ez duten horietakoak.


2009ko udaberrian Muxikako Muxik-On estudioan On route diskoa grabatu zuten bizkaitarrek. Zortzi abestiz osatutako diskoa da, autoekoiztua, eta, oraingoz, Gernikako tabernetan, kontzertuetan eta Internetez taldearen webgunean eros daiteke.

Sarkor gernikarrak

Sentimendu gabe diskoa aurkeztuko dute gernikarrek bihar gaztetxean. Hamar abestiz osatutako diskoa da; disko landua, serioa eta zuzena da. Muxikako Muxik-On estudioan grabatu zituzten abestiak, eta iaz uztailean argitaratu zuten lana. Diskoaren aurretik bi maketa argitaratu zituzten gernikarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak