San Joxepekoak, Cadizera irailean

Edu Mendibil 2011ko apirilaren 7a

San Joxepe erretiratuen elkarteak Andaluziara, Cadizera bidaia antolatu du irailerako. Cadiz hiriburua eta inguruko herri zuriak ezagutzeko irteera egingo dute irailean, hilaren 19tik 26ra hain zuzen. Izenematea apirilaren 11tik maiatzaren 31ra bitartean egin beharko da.

Iaz, Gaztelara egindako iraileko irteeran, 58 lagunek hartu zuten parte. Aurtengorako Cadizeko kostaldea eta barrukaldea aukeratu dute erretiratuek iraileko bidaiarako. Esan bezala, Cadizera irteera irailean egingo dute, hilaren 19tik 26ra. Iaz, Izenematea apirilaren 11tik maiatzaren 31ra bitartean egin ahal izango da erretiratuen elkartean, Boni Laskurain pasealekuko egoitzan, ohiko ordutegian. Edozein argibidetarako bertara jo edo deitu (943 76 21 40 telefono zenbakia) dezakete interesatuek.

Aldaketak zuzendaritzan

Bestalde, urteko batzarra egin zuten San Joxepeko kideek aurreko eguaztenean. Aurtengorako asmoak azaldu zituzten zuzendaritzako kideek. Joan den urteko jardueren gaineko balorazioa positiboa izan zen: "Emaitzak oso onak izan ziren, bai ospakizunetan zein gainerako kultur ekimenetan. Parte hartze handia lortu genuen eta informatika ikastaroek izandako harrera nabarmendu nahi dugu, 300 bat ikasle izan genituen-eta". 2011n liburutegia abian jartzea da egitasmoetako bat.

Carlos Arrondo San Joxepe erretiratuen elkarteko presidenteak adierazitakoaren arabera, zuzendaritzan hainbat aldaketa onartu zituzten: Maite Suinaga idazkariaren lekua Beatriz Larrañagak hartuko du eta horrez gain Jose Ramon Lozano zuzendaritzan sartuko da. Hasieran irtetekoak ziren Begoña Garitanok eta Rosa Mari Larrañagak zuzendaritzan jarraituko dute beste hiru urtez.

Gaur egun 1.621 bazkide ditu San Joxepek. 81 urtetik gorakoek ez dute kuotarik ordaintzen eta horiek gero eta gehiago direnez (391 gaur egun), kuota igotzea aztertzen  ari dira. La Caixarekin zuten hitzarmena iaz amaitu zen eta hori da beste buruhausteetako bat. Iaz 6.000 euro jaso zituzten La Caixarengandik. Udalarekin soluzioak aztertzen dabiltza. Bestalde, 87 urtekoei omenaldia gertatzen dihardute: aurten 70 lagun omenduko dituzte maiatzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak