Martxoaren 22an jaso zuen Elene Etxanizek saria, Bilbon Euskaltzaindiak duen egoitzan. 240 euroko saria eraman zuen. Aurten, gainera, bergarar onena izan genuen Jardun elkarteak antolatutako amodiozko gutunen lehiaketan eta Uxue Agirre lagunarekin batera Galtzagorri lehiaketako bigarren saria irabazi zuen, orain dela bi urte.
Azkue lehiaketan saritu duten 'Bizitza pintzeladatan' lanari buruz zera diosku: "Gaztetako maitasun ipuin bat da, bi neska protagonista dituena. Bizitzak bereiztu egingo ditu baina handik urte batzuetara elkarren berri izango dute...". 15 eta 18 urte bitartekoek aurkezturiko lanak Joseba Butronek, Jabier Kaltzakortak eta Mayi Izak epaitu dituzte. Lehen sariak Amaia Iturriotz gernikarrak eta Asier Badiola pasaiatarrak eraman zituzten, Hango hodei bat hemengo zeruan narrazioa eta Dortoken sekretua poemarioarekin hurrenez hurren. Sariak Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak banatu zituzten. Azkue literatur sariak idazle gazteak literatura mundura erakartzeko asmoz sortutakoak dira.
Literaturaz gain, dantza eta kirola dira Elene Etxanizen zaletasunetako batzuk. Musiraka dantza taldean dabil eta eskubaloian ere jokatzen du. Gazte mailako taldeko atezaina da Elene. Irakurle amorratua, Cometas en el cielo (Khaled Hossseini) nobela zeraman aurreko astean, eskolako liburu eta kirol arropa artean. "Osintxutik Bergarara etortzean, autobusean irakurtzeko aprobetxatzen dut...". Eskuratutako sariarekin zer egingo duen galdetuta, zera dio Elenek: "Ez dakit, uda partean jai asko dago, gidatzeko karneta ere ateratzeko asmoa daukat... Ikusi behar".