Besteak beste, XVII. mendeko nazioarteko testuinguru politiko eta ekonomikoa eta bertan Andres de Madariagak izan zuen garrantzia jorratuko dute biharko hitzaldian. Andres de Madariagaren biografiaren berri ere emango dute hizlariek, beti ere nazioarteko gertakari politiko eta ekonomiko nagusietan izan zuen eragin garrantzitsua aldarrikatuz.
Seminarioko eliza finantzatu zuen Madariagak eta eliza-mausoleo horren berezitasun ia bakarrak azalduko dituzte baita, eta berau eraikitzeko arrazoiak zeintzuk izan ziren aztergai izango dira Rilova eta Alberdiren eskutik. Azkenik, Andres de Madariaga bezalako pertsonaia historiko garrantzitsuaren gaurkotasuna hizpide izango dute, horretarako azken mende eta erdian zehar historiaren ikerketan izan diren joera nagusiei gainbegirada eginez.
Hizlariei dagokienez, Xabier Alberdi historian doktorea da eta Aro Berriko Gipuzkoako itsas historian espezialista. Gaur egun Zehazten Zerbitzu Kulturalak enpresan historia eta arkeologia ikerketa lanak burutzen ditu. Bergarako Seminarioko elizako ikerketa historiko-arkeologikoaren zuzendari ordea izan dugu. Carlos Rilova, berriz, dokumentazio ikerlanaren arduraduna da Seminarioko ikerlanetan. Alberdiren lankidea da Zehazten enpresan eta historian doktorea da baita, Aro Berri eta Garaikideko euskal historian espezialista hain zuzen.