Piraten eta animalien munduak Txiki-txokoan

Goiatz Arana Begiristain 2011ko apirilaren 3a

Enkargu berezia jaso dute Bearteko gaztetxoek: Txiki-txokoko hormak margotzeko eskatu die Bergarako Udalak; eta halaxe egin dute. 7tik 13 urtera arteko 20 bat neska-mutikok pintore lanak egin zituzten zapatuan. Txoriak, katuak, elefanteak... animalien gaia aukeratu zuten 2 urtetik beherakoen gelarako; eta piraten mundua, 2-4 adin tartekoentzako: itsasoa, txalupak...

Irakasleek goizean goiz ekin zioten lanari, hormetan marrazkiak egiteari; eta margolari gazteak heldu zirenean, 10:00ak inguruan, horiek koloreztatzen hasi ziren. Irakasleek aitortu ziguten eskaera honek lan handia suposatzen duela eurentzako, baina interesgarria dela aldi berean, esperimentatzeko aukera ematen dielako. Tailerrean, gainera, marrazketa egiten dute eta olio pintura erabiltzen dute koadroak pintatzeko; Txiki-txokoko hormetan, aldiz, akrilikoa erabili dute, eta hori metodo berria da eurentzat.

Profesionalen moduan

Mantala soinean eta pintzela eskuetan, txukun egin zuten lan Bergarako artista gazteek. Itxura berriarekin, Txiki-txokoa lehen baino askoz ere politagoa izango dela zioten eta harro daudela egiten ari diren lanarekin. Eurei esker, Zabalotegiko eskola zaharreko erabiltzaileei mundu berri bat zabalduko zaie eta lagun berrien konpainia izango dute aurrerantzean.

Zapatuan fin aritzea ez zen nahikoa izan, ordea, lan dena bukatzeko, eta zapatu honetan –apirilak 9– bigarren saio bat egin beharko dute. Horrek ez die beldurrik ematen, baina; are gehiago, gustura joango dira, paretak margotzeko aukera ez baitute egunero izaten!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak