Soslaia |
|---|
| Berria da politika publikoan, baina ez horren berria politikan, gazte-gaztetatik ibili da-eta ezkerreko joeretan. Burgoseko prozesua, 80ko industria eraldaketa… Oposaketak prestatu eta Osakidetzan lortu du plaza administrari laguntzaile moduan. Bergararra da eta 52 urte ditu. Bi semeren ama. Senarra, Salva Gonzalez du, Aretxabaletako EB-Berdeak taldeko zerrenda-burua. |

Zerk animatu zaitu politikan sartzera?
Ezkerreko herritar baten erantzukizunak. Sarri, iruditzen zait, administrazioan errazegi xahutzen dela dirua eta herritarrek ikusten dutena neuk ere ikusten dut. Beno, bada, orain, barreraren beste aldean egon naiteke eta gauzak aldatzen lagundu.
Ze helbururekin aurkezten zarete hauteskundeetara?
Zinegotzia lortzeko aukera badaukagula uste dut. Hori da helburua. Badakigu alkatetzea ez dugula lortu behar. 2003-2007 agintaldian ere lortu genuen zinegotzia. Orduan, oraingoan, zergatik ez?
Ze eskaini nahi dio Bergarako herriari EB-Berdeak-ek?
Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugu. Udalaren erabaki inportanteetan parte har dezala herriak eta Udal aurrekontuak osatzeko bide eman nahi diogu herriari. Izan ere, herritarrak erabakien parte izan behar dira, hau da, herritarren ekarpenekin osatu behar dira aurrekontuak. Hala, Udalean dirua zertan gastatzen den herritarrek erabaki dezaten arau bat egin nahi dugu, Udal aurrekontuaren zati bat herritarren ekarpenekin osa daitezen.

Zuen programako puntu nagusiak azalduko dizkiguzu?
Lehen lehenik, herritarren parte hartzea bultzatu; bestetik, herrian edozein obra egin behar bada, langabetuek egin dezatela; eta, garrantzitsuena, zorrotzak izan gastu publikoarekin: nik nire etxean aurrezten saiatzen naiz eta Udalean ere berdin egin behar da, pentsatu behar dugu dirua gurea dela, denona, ez inorena. Horretaz gain, etxebizitza sozialak bultzatuko ditugu gazteendako batik bat, errentan emateko. Zoru publikoa ezin daiteke saldu. Ingurumenari ere arreta berezia eman nahi diogu
Zeintzuk dira Bergararen premia nagusiak?
Garrantzitsuena da higikortasun kontzeptua bultzatzea. Herriak eta herrien arteko harremanak autoa erabiltzera bultzatzen gaitu, ezinbestean, eta hori aldatu egin behar da. Garraio publikoa bultzatu behar da, ganorazkoa behar dugu eta oinezkoei eman behar zaie lehentasuna herrian: igogailu publikoak bultzatu, maiz ibiliko den bus urbano txikiak…
Bergaratik gehien gustatzen zaizuna?
Lasaitasuna. Neurri egokia dauka Bergarak. Ama naiz eta umeak hezteko, esaterako, neurriko herria da.
Eta gutxien gustatzen zaizuna?
Zaila da esatea, nire herria da-eta. Higikortasuna, kultura areto ganorazkoa ez edukitzea… Izan ere, zinemara edo antzerkia ikustera maiz ateratzen naiz hiriburuetara edo beste herri batzuetara.

Aparkalekuak, UNEDen permuta, kale garbiketa, zaborrak batzeko atez ateko zerbitzua, Kultur aretoa… Udalaren agendan dauden kontuak dira. Ze ikuspuntu daukazue horien gainean?
Berria naiz plaza honetan eta ez daukat informazio zuzen zuzenik. Dena dela, UNEDen kasuan, esaterako, uste dut UNEDeko langileei eurei entzun behar zaiela erabakiak hartzeko orduan. Bestetik, higikortasunaren arazoa konpontzeko ondo iruditzen zait TAO zerbitzua jarri izana… Bestalde, zaborra batzeko-eta, iruditzen zait traste, edukiontzi-eta, asko dagoela kalean. Hori beste modu batera antolatu beharko litzateke. Akaso, zaborra batzeko puntu gehiago, baina txikiagoak. Traba bihurtu zira edukiontzitzar horiek.
Zelako herria amesten duzu?
Asko hobetu da azkenaldian Bergaran, baina, zer amesten dudana? Bada, ni neu egotea udaletxean, herriaren alde lan egiteko.

Alkate irtengo bazina, zer egingo zenuke lehenbizi?
Esan dudan moduan, aurrekontu parte hartzaileak bultzatzeko araua eta bideak finkatu. Bide eman herriari diru publikoaren kudeaketan parte har dezan. Bestalde, eta horrekin batera, langabetuen batzarrak egin, langabeziarekin amaitzeko ekimenak bultzatu… Izan ere, ni langabetua izana naiz, 30-34 urte nituenean, jada heldua nintzenean, eta txarto pasatu nuen. Denok daukagu norbere soldatatik bizitzeko eskubidea.
EB-Berdeak alderdi txikia da eta, gainera, zatitu berri da (Alternatiba) eta geratzen direnen artean ere zatiketa da nagusi. Madrazoren aldekoen eta besteen artean. Ze diozu horren gainean?
Beti izan naiz ezkerrekoa eta nahiko nuke ezkerra batzea eta ez zatitu eta zatitzea. Uste dut alderdikide batzuk ez direla ondo portatu. Badirudi beti hedabideetan, beti denon ahotan, egon nahi dutela batzuek eta hori, batzuetan, ezinezkoa da. Gehiengoaren erabakiak errespetatu eta aintzat hartu behar dira. Denei entzun behar zaie, jakina, baina gehiengoak nahi duena egin behar da, ez gutxiengoak nahi duena.
Noiztik zara Ezker Batuko kide?
Sorrera sorreratik. Eta, esaten dizut, ezkerraren batzearen alde nago.
Ziklo berri batean murgilduta gaude. Zela ikusten duzu egoera?
Sortu legezkoa izan beharko litzateke. Ahots guztiak entzun eta errespetatu behar dira. Nahi dut jakin Sorturen politika zen den, ezkerrekoa den edo ez. Nik nahi dut benetako ezkerra, langileen alde lan egingo duena.

Gertutik |
|---|
|
Herriko txokorik gustukoena?: Errotalde jauregia. Bi arrazoirengatik: batetik, udal liburutegia dagoelako han eta irakurtzea oso gustuko dudalako; bestetik, etxe historikoak gustuko ditudalako. Herritar bat?: izenik ez dut aipatuko, baina gertuko lagun bat, asko lagundu didana une zailetan. Pertsonaia historikoa?: Dolores Ibarruri, emakumea delako eta bere sasoian egin zituenengatik. Telebistako saio bat?: Ia ez dut ikusten, ez dut astirik. Nekatuta nagoenean, dagoena ikuste dut, batik bat filmak edo ETBko albistegiak. Sare sozialetan ibiltzen zara?: Twitterren-eta, baina ez naiz oso aktiboa. Irakurri duzun azken liburua?: Kutsidazu bidea Ixabel. Eta gaztelaniaz, orain irakurtzen dihardut, Desinformación. Cómo los medios ocultan el mundo, Pascual Serranorena. Egunkaririk erosten duzu?: Oso noizbehinka, asteburuan batik bat; izan ere, gehienek berdinari buruz dihardute. Erosten ditut asteburuan Público eta Berria, azken hau euskaraz delako. Gustuko dut. Público-k galdu du hasierako xarma, irreberentzia hori, PSOEra hurbildu da gehiegi. Interneten zertan ibiltzen zara?: Han aurkitzen ditut albisteak. Gehienbat, informatzeko erabiltzen dut sarea. Ez dut ohiko hedabideetan sinesten. Pentsamendu bakarra bultzatzen dute. Ergeltzat hartzen gaituzte. Ze webgune bisitatzen duzu?: Euskadi Cuba Gobernuz Kanpoko Erakundean dihardut lanean eta Cuba Información webgunea jarraitzen dut. Kolaboratzen dut, gainera, bideoak editatzen-eta. La República ere jarraitzen dut eta Aporrea.org ere bai. Eskumako berriak hemengo egunkarietan eta beste webgune alternatiboetan ezkerreko berriak. Ikusi duzuen azken filma?: Diario de una motocicleta, telebistan. Oso gutxitan joaten naiz zinemara. Abesti bat?: El libertador, Escape taldearena. Mania bat?: Oso kontrolatzailea naiz, nire inguruko dena kontrolpean edukitzea nahi izaten dut. Badakit ez dela oso ona, baina… Txarto pasatzen dut batzuetan. Burugogorra eta konstantea naiz. |