Zezenzaleek bikain pasa dute zapatua Elosuko Bentan

Goiatz Arana Begiristain 2011ko apirilaren 2a

Zaldien erakustaldia eta txekor-txuliaketa egin dituzte goizez eta arratsaldez eta, tartean, bazkaria Ixaun jatetxean 40 bat lagunek. Ausardia, abilezia eta umore ona sobera dituztela erakutsi dute. Eguneko argazki gehiago hemen.

Bergarako Betizu Zezenzaleak elkarteak antolatu du festa. Motorrak berotzen hasteko, hamabitakoa egin dute –beste ezer baino lehen– eta zaldien erakustaldiaz gozatu dute hurrena. Festaren kokaleku izan den Benta baserriko Juan Inazio Regorigok gidatu du saioa. Arabiar arrazako zaldiak, espainiarrak... askotarikoak atera ditu, bakoitzaren ezaugarriak erakusteko.

Zezentxoak ateratzean... orduantxe hasi da benetako festa. Txekorrak atera dituzte aurrena plazatxora eta emakumezkoek egin dituzte txuliatzaile lanak.  Tamaina zertxobait handiagoko zezentxoen eta txuliatzaile "beteranoen" txanda heldu da gero eta maila bikaina eman du bat baino gehiagok, zezenaren gainetik salto eginez edo adarrean eraztuna jarriz. Eguerdian, 40 bat lagunek bazkaria egin dute Ixaun jatetxean eta, ostean, are trebeago jardun dute "piztien" aurrean. 
 
Bergarako zezenzaleek 1993. urtetik dihardute festa hau antolatzen, baina orain arte Nafarroan egin dute beti: "Hango ganadutegi denak pasa ditugu dagoeneko!", esan digu Iñigo Almortzak. Eta aurten herrian egitea erabaki dute: gastuak murrizteko batetik, eta lekua eta zezenak bertan dituztelako bestetik. Ez du aurreko urteetakoen inbidiarik izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak