Atzo aurkeztu zuten Bergaran seminarioko indusketen gaineko ikus-entzunezkoa. 2007. urtean azterketa arkeologiko batzuk egin zituzten bertan eta ikusi zuten hor aztarnategi oso garrantzitsua zegoela. Ondorioz, Udalak erabaki zuen 2009-2010 urteen artean ikerketa egitea.
Hilobia
Emaitza nabarmenenetako bat izan da Bergarako seminarioko eraikin hori XVII. mendean Andres de Madariaga jaunak bultzatutako eraikuntza izan zela, baina badu bitxitasun nagusi bat: "Europan bakarra zen eta bere hilobi izateko eraikitako eliza bat da, eliza erdian kokatzen da bere hilobia" esan digu Xabier Alberdi DVDko zuzendari orde eta gidoilariak.
Aztertzen aritu direnek diote, ohorearekin edo prestigioarekin zerikusia duten arrazoiengatik eraiki zuela hilobia, hau da, arrazoi sinbolikoengatik eta ikertzaileei horrek pentsarazi die elizak beste balore garrantzitsu batzuk dituela. Horrek guztiak erakusten du garai hartan Madariaga jaunak izan zuen garrantzia, eta ikerketari esker bergarar ezezagunari buruzko xehetasunak aurkitu dituzte.
Politika munduko gizon garantzitsua
Madariaga XVII. mendeko politika gizon garrantzitsuenetarikoa izan zen mundu mailan, izan ere, bere eskuetatik pasatzen zen Ameriketatik ateratzen zen zilarraren zati handi bat. Garai hartako politikaren giltzetako bat, beraz, Madariagak zuen.
Ikertzen aritu direnek datu interesgarriak atera dituzte indusketatik eta oso aberasgarria izan dela diote.
Ikus-entzunezkoa
Atzoko aurkezpenaren ondoren, baina, edonork eskuratu dezake indusketaren gaineko DVDa. Aurkezpenean 30 lagun inguru elkartu ziren lana ikusteko eta momentuz, 25 DVD atera dituzte eskoletan banatzeko. Hala ere, www.bergara.net webgunean ere jarriko dute edonork ikusteko.