Gimnasia erritmikoarekin hitzordua zapatuan

Edu Mendibil 2011ko martxoaren 30a

Zapatuan, apirilaren 2an, Gipuzkoa osoko gimnastak batuko dira Bergaran, Labegaraietan. Goiz eta arratsaldez, Gipuzkoako Federatu Amateur eta Eskolarteko A mailako txapelketa jokatuko da eta Gipuzkoako 37 talde arituko dira lehian, alebin, infantil, kadete, jubenil eta senior mailetan. Goizeko saioa 10:30ean hasiko da eta arratsaldekoa, berriz, 17:20ean.

Ariznoa gimnasia elkartetik maila bakoitzeko talde bana arituko da. Banaka, berriz, Mariana Nunes (alebina), Jone Olabarria eta Sonia Gonzalez (infantilak), Ane Miren Muguruza eta Jennifer Pineda (kadeteak) eta Kristina Etxeberria (jubenila) izango ditugu partaideen artean. Aurreko fasea Arrasaten jokatu zen otsailaren 5ean eta bergararrek emaitza aipagarriak lortu zituzten han.

Gaur egun 125 neskatila ari dira Ariznoa gimnasia erritmikoko taldean. Lau urtetik 24 urtera bitarteko gimnastak dira eta Sonia Corredera eta Ane Susaeta eibartarrak dira haien entrenatzaileak.

Arrasaten, apirilaren 9an

Bergarako txapelketaren ondoren, hurrengo larunbatean, apirilaren 9an, Arrasateko Uarkapen, Gipuzkoako Eskolarteko B mailako txapelketa jokatuko da, goizeko jardunaldian. Bertan arituko dira Ariznoa elkarteko alebin mailako bi talde. Arratsaldean benjamin mailako gimnasten txanda izango da. Aurreko saioa Bergaran egin zuten, otsailean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak