Gazte lokalen gaineko araudia egin nahi du Udalak inplikatuekin

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 29a

Azken urteotan sortu den gazteen lokalen fenomeno berriari erantzun nahian, hauen inguruko eragile guztien elkarbizitzarako egokia izango den araudia sortu nahi du Bergarako Udalak.

Bergarako Udalak batzarrak egin nahi ditu gazteen lokal horien inguruan, modu batera edo bestera, inplikaturik egon daitezkeen eragileekin. Honako eeragile hauek daudela ulertzen du.

Batetik, gazteen koadrilak: dagoeneko lokala dutenak eta lokal bila dabiltzanak.

Bestetik, gazteen gurasoak: lokaletan dauden adin txikikoen gurasoak eta lokal bila dabiltzan adin txikikoen gurasoak.

Horiez gain, lokalen jabeak: dagoeneko lokala alokatuta daukatenak eta lokala helburu horretarako alokatu nahi dutenak.

Azkenik, lokalen inguruko bizilagunak.

Batzarrak hurrengo asteetan

Udalak araudi hau eragile guztiekin adostu nahi du eta ahalik eta onarpenik zabalena izango duen araudia izango da behin betiko onartuko dena. Udalaren asmoa da eragile guztiekin bilera bana egitea. Hain justu ere, egun hauetan:

Apirilaren 7an, eguena, 17:30ean, lokala duten adin txikikoen gurasoekin eta, 19:00etan, gazte lokalen jabeekin.

Apirilaren 13an, eguaztena, 17:30ean, lokala daukaten gazteekin eta, 19:00etan, lokalen inguruetako bizilagunekin.

Orain arte, lokal batekin arazoren bat egon denean Bergarako Udalak lokala itxi egin du (beharrezko konprobaketak egin ostean). Hortaz, orain arteko kaltetuak gazteak eta bizilagunak izan dira.

"Elkarbizitzarako arauak" finkatu

Araudi honekin Udalak nahi duena da "lokalen inguruko inplikatuak elkartzea eta elkarbizitzarako arau batzuk adostea, aurrerantzean arazo gutxiago egon daitezen, eta lokalak ixtera heldu behar ez izateko" adierazi du Nagore Narbaiza gazteria saileko udal teknikariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak