Beste urte batez, eta dagoeneko badira zazpi, Bergarako Musika Eskolak Apirilean Musika izeneko ekimena burutuko du. Helburua da Eskolak egiten duen lana erakustea, baita ikasleei ezohikoak zaizkien ekintzak eta kontzertuak eskaintzea ere. Hala, modu batera edo bestera, egun Eskolak dituen 540 ikasleek eta 26 irakasleek, denek hartuko dute parte prestatutako ekintzetan.
Egubakoitz honetan bertan izango da prestatu duten egitarauaren lehen hitzordua: kantu ikasleek estilo askotariko emanaldia egingo dute. Apirilaren 2an, goizean, II. antzerki tailerreko ezkenengo saioa izango da, eta arratsaldean aldiz, Gasteizko Vedruna eta Bergarako Musika Eskolako Gazte Bandak emanaldla egingo dute Mariaren Lagundiko Elizan.
Apirilaren 10ean bestalde, Musika Moderno Lehiaketaren hirugarren edizioa egingo dute egun guztian zehar. Euskal Herriko edozein musika eskoletatik izan dute parte hartzeko aukera; aurten hamar talde izango dira, eta antolatzaileek esan dutenez, talde batzuk kanpoan gelditu dira kupoa beteta zegoelako.
Apirilaren 16ra arte
Apirllaren 11atik 16ra bitartean izango dira aurtengo edizioaren hitzordu gehienak. Hala, dantzak protagonismo berezia izango du: hilaren 11an eta 14ean, Patxi Monteroren eskutik europar dantzak ikasiko dituzte ikasleek.
Organoak ere izango du bere tokia astean zehar: hilaren 12an Aitor Oleak organoari buruzko hitzaldia emango du, eta hurrengo egunean, organo ikasleek eurek entzunaldia eskainiko dute Maria Deunaren elizako Sakristau Etxean.
Apirlaren 14an bestealde, musika eta musikariak kalera irtengo dira, eta hala, Bergarako kaleetan barna entzun ahalko dira Musika Eskolakoen doinuak. Beste hainbat ekimen ere egongo dira astean zehar, besteak beste Bachi buruzko hitzaldia eta instrumentu ezberdinen ikasleen emanaldiak. Apirilaren 16an bukatuko da aurtengo edizioa, akordeoi ikasleek Hernaniko topaketan izango duten parte-hartzearekin.