Zergatik mota horretako ikastaro bat?
Zoritxarrez, gero eta bortxaketa eta emakumearen kontrako eraso gehiago daudela ikusi dugu. Orain arte Euskal Herrian nahiko lasai bizi izan gara, baina gero eta kasu gehiago ezagutzen ari gara. Gure asmoa ez da alarma sortzea, baina oinarrizko hainbat teknika erabiltzen jakitea beharrezkoa dela iruditzen zait. Nik, esaterako, bi alaba ditut eta argi daukadana da ikasiko dutela.
Gipuzkoan bai, baina bailaran lehenengo aldia da mota horretako ikastaroa antolatzen duzuena, ezta?
Iaz proba moduan egin genuen. Oso erantzun ona jaso zuen, 20 emakume eta neska gazte etorri ziren. Hiru hilabete egon ginen. Han egondako emakumeek eta parte hartu zutenek kalean bertan galdetu didate ea ikastaroa antolatzeko asmotan gabiltzan edo ez; harrera ikusita, komenigarritzat jo dugu ostera egitea.
Zeini dago zuzenduta?
Edozeini. Joan den astean mutiko batek interesa agertu zuen eta dagoeneko hasi da. Gizonok indar handiagoa daukagu, eta eskoletarako baliagarria izan daiteke.
Nolakoa da ikastaroa?
Teorian faktore psikologikoa lantzen dugu, eta alde praktikoa lau zatitan dago sailkatuta: defentsa teknikak, ondo jotzen jakitea, lotuta gaudela askatzea eta lurrean gaudela irtetea.
Zenbat teknika daude?
Asko daude, baina guk erakusten ditugunak ez dira horrenbeste. Bospasei oinarrizko teknika jakitearekin nahikoa da. Hori ikasiko dugu ekainera arte, eta, irailean jarraitzen badugu, horiek garatzen ikasiko dugu.
Objektuek garrantzia dute, ezta?
Hala da. Emakumeek poltsan eroaten dituzten gauzak baliagarriak dira, hala nola etxeko giltzak, betaurrekoak, telefonoa eta boligrafoa. Horrelako tresnak nola erabili erakutsiko dugu ikastaroan. Kafe koilara batekin, esaterako, gauza asko egin daitezke: gorputzaren presio puntuetan sakatu edo saihets-hezurretan sartu eta min egin. Horrekin lurrean utz dezakegu erasotzailea. Bestalde, zapaten takoiarekin oina gainean zapaltzeak min handia ematen du.
Zer-nolako jarrera izan behar da erasotzailearen aurrean?
Zaila da egitea, baina komenigarria da odol hotza izatea, eta ikastaroan hori izaten ikasiko dute partaideek. Horrekin batera, ausardia ere ezinbestekoa da; esaterako, atzamarrak erasotzailearen begietan sartzeko kapazak izan behar dute emakumeek.
Non gertatzen dira bereziki emakumeen kontrako erasoak?
Gipuzkoan, adibidez, Donostialdean izan dira. Baina hain urrun ez dugu joan behar, Arrasaten eta Bergaran ere gertatu izan direlako. Hori dela-eta, iruditzen zait gizaki guztiek defentsa pertsonalez zertxobait jakin beharko luketela. Arte martzialetan ez duzu aditu izan behar, kasu horietan arauak daude-eta; eta kalean ez dago araurik.