Aurreko lana baino landuagoa da bigarren hau?
Kantu berriak lehenengo diskoko abestiak baino landuagoak eta borobilagoak dira. Konponketa gehiago ditu, baina ideia bera mantendu dugu hasierako ideiarekin jarraitu dugu-eta. Taldean izan ditugun aldaketekin ere primeran moldatu gara.
Erritmo alaiak eta lasaiak tartekatu dituzue.
Folk, rock eta country ukituak dituzte kantuek. Pop pixka bat duten balada lasaiak ere badaude; baina baita country erritmo bizia duten abestiak ere.
Odolaren zaporeak itsutu gaitu?
Nahiko nazkatuta, potrotaraino gaude gizarte honekin. Denak berdin jarraitzen du eta mundua oso gaizki dago. Barrua hustu nahi genuen. Konplexu asko dago gizarte honetan eta askotan ez gara koherenteak egiten eta esaten dugunarekin; kontraesan artean bizi gara. Dena debekatuta dagoen gizarte honekin apurtu nahi izan dugu.
Nunca lloramos al caer… Horrenbeste errodajek indartsuago egiten du bat?
Berriro bueltan gaude! Gauzak aldatu egin dira, ez dira 24 urterekin moduan. Urteek immunizatu egiten dute pertsona eta esperientziarekin ikasten goaz.
Jendeak nola hartu du lan berria?
Egia esan, ez ditugu kritika asko entzun. Lagunek aurrez entzunda zuten diskoa eta gustatu egin zaiela esan digute. Aurrekoa baino hobea dela. Ez dela lehenengoa bezain zuzena eta hasieran kostatu egiten dela, ezberdina dela ere esan digute. Txap-ekin grabatu dugu eta soinu kalitatea oso ona da. Orokorrean, borobilagoa dela esango genuke.
Tabernako musika dela esaten dutenei, zer?
Tontakeria dela esango genieke. Bueno, tabernetan asko ibili izan gara eta ibiltzen gara. Etiketen rollo hori ez zaigu batere gustatzen… Kontraesan asko daude, gainera.
Martin Larralde bertsolari lapurtarra zer da zuendako?
Ruper Ordorika musikari oñatiarrari keinu bat egin nahi izan diogu. Asko gustatzen zaigu eta halaxe omendu gura izan dugu. Hark abestuko balu abesti hori ere, oso ondo geratuko litzateke.
Zergatik dauka kobre zaporea urak?
Ikusi besterik ez dago zela hasi dugun mende hau. Mundu hau guztiz kutsatuta dago eta soluzioa ez da erraza. Lehen ere lurrikarak izango ziren, baina Japoniakoaren neurrikoak… gizakiak zerikusi handia dauka, zalantzarik gabe, honetan guztian.
Orain zer duzue esku artean?
Hilean bizpahiru kontzertu eman nahi ditugu. Euskal Herrian, Bilbon edo Nafarroan, edota kanpora irtetea ere gustatuko litzaiguke. Taldekide bi Bizardunak taldearekin dabiltza, eta bi proiektuak bateratzen saiatzen gara orain.
Lagun artean amorrua husteko folk garratza
"Lehenengo diskoak zur eta lur utzi zituen asko, partaideak punk-rocketik erabat aldendu eta marinel-tabernarien folk malenkoniatsua, garratza, hartu zuelako ikur. Ohartu gabe jarraitzaile asko lortu eta kantuetako hitzek askoren barrenak hunkitu zituzten; horrenbeste, zuzenekoak liturgiak dira ia. Lehen diskoa bat-batean egin zutela esango nuke, barrenak hustuta. Oraingoa, baina, zainduagoa da, folkean gehiago murgiltzen dira (baita countryan ere), melodiak txukunagoak dira, malenkonia ugaria da eta abestiek moldaketa asko dituzte, hammondak, soinuak eta biolak gidatuta. Faltan sumatzen dudan bakarra da hastapenetako euskarazko rock kantu bizi haiek!".
Iker Barandiaran