Mariaren Lagundia ikastolako, Ipintza institutuko eta Aranzadi ikastolako DBHko 4. mailako –14 eta 15 urte– 145 ikaslek Bergara Ezagutzen izeneko lehiaketan parte hartu dute asteon. Bi egunean egin dute lehiaketa: ikasleen erdiek eguazten goizean egindako lehiaketan hartu zuten parte eta beste erdiek eguen goizean jokatutakoan.
Bergara Ezagutzen lehiaketaren helburua da herria hobeto ezagutzea eta herriaren gainean duten jakintza zabaltzea. Horren harira, Bergarako ikastetxeak ahalegin handia egiten ari dira Bergararen gaineko ezagutzak –historia, kultura, pertsonaiak, geografia…– belaunaldi berriei transmititzeko. Hala, iaz Euskal Herriak Bere Eskola ekimenak, Jardun Euskara Elkarteak, Udalak eta esandako hiru ikastetxeek Bergara Ezagutzen lehiaketa martxan jartzea erabaki zuten.
Ikasleek euren artean ezagutu
Baina lehiaketak beste helburu bat ere badu, Nagore Narbaitza Hezkuntza teknikariaren esanetan: "Eskolatik kanpo, ikastetxe desberdinetako ikasleen arteko harreman naturala lehiaketan islatzea da asmoa. Ikastetxeen arteko lehia planteatu beharrean gazteen arteko joko sano bat planteatuz. Horretarako, hain justu ere, hiru ikastetxeetako ikasleak nahastuta antolatu dituzte taldeak eta hala hartu dute parte lehiaketan; 24 laguneko hiru taldetan, egun bakoitean. Hori horrela, talde irabazlea ez da ikastetxe bat izaten, ikasle talde bat baizik.
Ikastetxe barruan eta kanpoan
Lehiaketa bi ataletan banatuta egin dute. Alde batetik, ikastetxe barruan aritu dira galdera-erantzunak eta ikus-entzunezko probak egiten. Bestetik, kalean jinkana bat egin dute herriko leku esanguratsuetatik pasatuz: Olaso dorrea, kartzela zaharra, Errekalde parkea, udaletxea, Errotalde jauregia, Simon Arrieta plaza, Fraiskozuri…
Irabazleak, rafting egitera.
Eguenean bertan erabaki zen talde irabazlea eta sari moduan irteera bat jaso dute. Hain justu ere, apirilaren 9an, Errobi (Bidarrai, Lapurdi) ibaian rafting egitera joango dira.