Bildu zen jendetzaren adierazle da ekitaldia hasi baino ia ordubete lehenago, ilara luzea zegoela zain Udal Pilotalekuan sartzeko; denak ere Magaliri babesa emateko gogoz.
Oihan Vega eta Amaia Artetxe telebistako aurkezleak izan ziren adin eta estilo guztietako ikuskizunei paso emateaz arduratu zirenak. Agur bertsoekin hasi zen ekitaldia, eta horren ostean, Alai taldearen ahots sendoek hartu zuten lekukoa. Hortik aurrera ez zen atsedenik izan. Hala, eta beste askoren artean, Azkaiter Peloxek eta Karlos Ortiz kontrabaxuak These boots are made for walking ezaguna bertsionatu zuten; Moises Azpiazu, Osintxuko Musikara eta Eibarko Biraka dantza taldeek ikuskizun aparta eskaini zuten eta Txitxas magoak, magiaz gain, umorea ere ekarri zuen pilotalekura.
Une hunkigarriak
Aritzeta eta San Josepeko abesbatzek eta Bergarako Orfeoiak eta Gaberok ere hainbat pieza abestu zituzten; eta ikusgarria izan zen oso Edu Muruamendiarazen Aukeran konpainiak aurkeztutako dantza ikuskizuna: dantzarietako batek, burbuila erraldoi baten barruan egin zuen dantza ia ikuskizun osoan zehar.
Bergarako Musika Eskolakoek abestutako Imagine eta Aleluia abesti ezagunen eskutik, ekitaldia amaiera aldera heldu. Amaiera ezin hunkigarriagoa: ekitaldian zehar parte hartu zuten guztiek Agur Jaunak abestu zuten; ez eurek bakarrik, baita zutik jarri ziren ikusleek ere. Argiak piztu zirenean, begi askotan igartzen zen bizitako une hunkigarriaren arrastoa.
Magaliren gurasoek ezin izan zuten atzoko ekitaldian egon, izan ere, gaur Ekain seme txikiaren urtebetetze eguna da, eta Galizian, Magaliren ondoan elkartu dira denak. Seguru atzoko elkartasun olatua haraino ere helduko zela.