Bizikleta festa Ipintzan

Mirian Biteri 2011ko martxoaren 26a

Topaketa ezberdina izan dute gaur goizean Eskola Kirolean parte hartu duten Bergara eta Elgetako neska-mutikoek: etxetik bizikleta hartu eta Bergarako Ipintza institutuko patioan gora eta behera ibili dira topaketarako egokitutako sei zirkuituetan.

Lehenengo partaideek 10:00etan zuten hitzordua eginda; ordurako kaskoak buruan eta bizikletan igota zeuden ume gehienak; hainbatek urez betetako botilatxoa ere bazuten aldamenean.

Antzuolako ikasleek huts egin dute lehen txanda horretan, eta hortaz, Bergarako Aranzadi ikastola eta San Martin eta Mariaren Lagundia ikastetxeetako ikasleekin sei talde egin dituzte begiraleek. Izen bitxia duten sei txokotan banatu dituzte: hain justu ere, Endika repika, Simonek dio, Non hago, Jaun eta jabe, Geldi geldixan eta Ipurdi gizena. Horietan ibiltzen hasi aurretik, dena dela, astotxoa bezalako beroketa jokoak egin dituzte, Lokatzako ordezkari Unai Asurmendiren aginduak betez.

Trebetasun gune guztietan ederto ibili badira ere, Non hago eta Ipurdi Gizena zirkuituak izan dira neska-mutikoendako onenetarikoak.  Azken horretan umeek zirkuituan jarritako egurrezko arrapala probatzeko aukera izan dute.

Ordubeteko saioaren ostean, bigarren txandako umeek hartu dute lekukoa; horien artean, elgetarrak ere badaude. Hirugarren saio bat ere jokatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak