Senior mailako taldea sailkapeneko bosgarren postuan dago eta teorian behintzat faboritoak dira bergararrak domekako partiduari begira, irundarrak 10. tokian daudelako. Zortzi partidu jarraian irabazi ondoren, liderraren aurka ezin izan zuten mahoneroek azken jardunaldian eta domekatik hasita garaipenen bidera bueltatzea da asmoa. Orain dela hilabete jokatu zuten azken partidua etxean eta zaleen aurrean ikuskizun polita emateko gogoz dira jokalari bergararrak. Hitzordua, esan bezala, domeka arratsaldean Labegaraietan.
Junior eta infantil mailak
Beste hiru saskibaloi partidu jokatuko dira asteburuan: alde batetik junior mutilen taldeak Sein taldearen aurka neurtuko ditu indarrak bihar, zapatua, 12:45ean, Labegaraietan. Bestetik, infantil mailako mutilen txanda domeka eguerdian izango da. Bi partidu jokatuko dira Mariaren Lagundiako kantxan. Lehenbizi, 11:00etan, Servimasa BKE eta Ganbara liderra izango dira aurrez aurre, parte hartze ligaren barruan eta ondoren, 12:15ean, Soraluce BKE eta Take Oria Electricidad taldeek jokatuko dute, errendimendu ligako hamabigarren jardunaldian.Harrobi indartsuaren lekuko, infantil mailan hiru talde ditu Bergarak: Servimasa BKE (Ramon Conderen agindutara), bigarren talde bat Jokin Perezek zuzentzen duena eta Mikel Garitano eta Jose Ignacio Oiartzabal ari dira errendimendu taldearekin.