Maiatzerako jarrita egongo da Irizarko itxitura berria

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko martxoaren 25a

'L' forma izango du eta erdoil itxurako altzairuzko xaflaz egindakoa izango da. Irala kalera ez du itxiturarik izango Irizar jauregiaren lorategiak. Goiko irudian ikus daiteke ze itxura hartuko duen inguruak, behin lanak bukatuta.

Aurrera doaz Irizar jauregia inguratuko duen itxitura berria jartzeko lanak. Vaumm Arkitektura eta Hirigintza SLren proiektuan oinarritutako itxitura egiten dihardu Udalak, eta maiatzerako jarrita egongo dela aurreratu dute hango ordezkariek.

Itxitura berriak ez du orain arte zegoen harrizko hesiaren inongo antzik izango; ez itxuran, ezta jauregia inguratzeko moduan ere.

Itxurari dagokionez, altzairu korten –erdoilduta dagoela dirudien altzairua– deritzon xaflekin itxiko dute. Hala ere, eta itxituraren punturik altuenean 1,80 metroko altuera izango badute ere, xaflok euren artean tartea izango dute barruko aldean dagoena ikusteko aukera emanda.  

'L' forma izango du itxiturak

Jauregia ixteko moduari dagokionez, itxitura berriak ez du eraikina buelta osoan itxiko. 'L' forma izango du eta jauregia itxiko du Barrenkale aldera eta Irizar aldera. Irala kalera ez da itxiturarik egongo. 

Bestalde, xaflen arteko tartea ez da berbera izango itxituraren luzera guztian. Hain justu ere, jauregiaren lorategi historikoa dagoen zatian xaflen arteko tartea estua izango da –betiere barrukoa ikusten lagako du– eta lorategi historikoa amaitzen den lekutik aurrera, xaflen tartea handitzen joango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak