Egunari hasiera emateko, mendi txangoa izango da nahi duten herritarrendako, ume, gazte zein helduendako. Fraiskozurin egin dute hitzordua, 09:00etan. Bestalde, lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleendako orientazio jolasak egongo dira Gorlan bertan, 10:00etatik 12:00ak bitartean. Era berean, Pagolako ubidearen interpretazio-txangoa egiteko aukera izango da, 10:00etan Gorlako kantinatik aterata. Zuhaitz landaketa egitea ere aurreikusita dago. Azkenik, 12:00etan ekintza horietan guztietan parte hartzen dutenendako salda eta txorizoa egongo da ziklisten helmugaratzea ikusteko.
Oinez edo autobusez Gorlara
Gorlara igotzeko eta autoak etxean uzteko asmoarekin, autobus zerbitzua prestatu dute antolatzaileek. Autobusak 9:00etan irtengo dira, autobus geltokitik. Jaisteko autobusak 13:00etan aterako dira kantinatik. Ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek eta azpimarratu dute guztiak doan direla. Pol Pol Mendizale taldeak eta elkarte horretako Mendia Bizirik sailak; Lokatza Ziklismo eskolak, Bergarako eskoletako eskola kirola eta Tokiko Agenda 21 egitasmoak, eta Udaleko ingurumen, turismo eta kirol sailak parte hartze dute antolaketan.
Txirrindulariak, eguerdian
Txirrindularitza probari dagokionez, amateur mailako 150 txirrindulari batuko dira domekan. Irteera 10:00etan egingo dute San Martin plazatik eta antolatzaileen kalkuluen arabera, irabazlea 12:10ak aldera iritsiko da Gorlako helmugara. Aurretik 92 kilometroko ibilbidea izango dute txirrindulariek. 150 txirrindulari inguru batuko dira. Omar Fraile da faborito nagusietako bat domekako probarako.
Mikel Larrañaga Lokatzako presidenteak zera adierazi digu: "Eguraldiak laguntzen badu, jende dezente batu daiteke domekan Gorlan, proba jarraitzeko eta udaletik antolatutako ekitaldietan parte hartzera. Zenbat eta giro hobea izan, danondako hobe".