Inauguratu dute Elikagaien Bankua

Amaia Txintxurreta Guridi 2011ko martxoaren 24a

Markel Olano: "Zentro berriak erakusten du elkartasuna eta iraunkortasuna Gipuzkoaren ezaugarriak izaten jarraitzen dutela". Horixe esan zuen Olano diputatu nagusiak inaugurazio ekitaldian, elkartasuna beharra duten pertsonei laguntzeko sare zabala dagoelako lurraldean eta iraunkortasuna egiten dituzten gauzak ikuspegi iraunkorrarekin eginda daudelako.  

Atzo inauguratu zuten Bergaran kokatutako Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren bilketa eta banaketa zentro berria. Lehenengo, Bergarako udaletxean Elikagaien Bankuak gauzatzen dituen jardueren aurkezpen ekitaldia egin zuten, eta jarraian parte hartzaileak egoitza berrira joan ziren hura inauguratzeko.

Inaugurazioa

Markel Olano diputatu nagusiak, Agurne Barruso Bergarako alkateak, Juan Mari Garitano Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak eta Carlos Ormazabal  Garapen Iraunkorreko diputatuak inauguratu zuten bilketako eta banaketako pabilioia.

Ondoren, lankidetza hitzarmena sinatu zuten, San Juan poligonoan dagoen 200 metro koadroko pabilioian. Eta horren ondoren, Jose Antonio Agirrebeña zentro berriko arduradunak hitz batzuk esan zituen.

Bergarako alkate Agurne Barrusok azpimarratu zuen ibilbide luzea dutela aurretik eta udala bidelagun izango dutela. Juan Mari Garitano Gipuzkoako Elikagaien Bankuko presidenteak, berriz, aditzera eman zuen eurendako oso egun pozgarria izan zela atzokoa eta Bergaran oso giro ona aurkitu dutela lehenengo egunetik erraztasunak jarri dizkietelako.

Elkartasuna eta iraunkortasuna

Markel Olano diputatu nagusiak, berriz, bi ezaugarri nabarmendu zituen: elkartasuna eta iraunkortasuna. Elkartasuna, lurraldean sare oso zabala dagoelako beharra duten pertsonei babesa eskaintzeko eta iraunkortasuna horrek esan nahi duelako egiten dituzten gauzak tajuz egindakoak direla, kudeaketa egoki bat eramango dutela eta ikuspegi iraunkorra izango dutela, euren hitzetan.


Bukatzeko, Elikagaien Bankua errealitate bihurtzea posible egin duten pertsona eta boluntario guztiak ere eskertu nahi izan zituen Olano diputatu nagusiak.

 


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak