Kirola, aisia eta ingurumena bat eginik domekan Gorla egunean

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 23a

Gorla eguna antolatu du Bergarako Udalak beste hainbat talderekin batera, domekarako. Bergararren natura eta aisialdi gune eder hori bultzatu nahi du ekimen honekin Udalak, herriko beste talde batzuekin elkarlanean. Txirrindulari igoerarekin egingo du bat.

"Lekuak aukera handiak ematen ditu eta etorkizunean, eremu honetako natura berreskuratzen eta aisialdi aukerak bultzatzen jarraitu nahi du udalak" aditzera eman dute udaletik.

Txirrindulari karrera, zuhaitz landaketa, natura txangoa eta orientazio jolasak izango dira, bnesteak beste, familia osoarendako.

Pol Pol Mendizale taldeak eta elkarte horretako Mendia Bizirik sailak; Lokatza Ziklismo eskolak, Bergarako eskoletako eskola kirola eta Tokiko Agenda 21 egitasmoak, eta Udaleko ingurumen, turismo eta kirol sailak parte hartze dute antolaketan.

Txirrindulari karrera eta arbola landaketa

Gorlako egunak, gainera, bat egiten du afizionatu mailako txirrindulari karrera ospetsuenetakoarekin, Gorlako Igoerarekin. Aurten 37. edizioa jokatuko da. 23 urtez azpikoendako txirrindulariendako lasterketa 10etan aterako da San Martin plazatik. 11etan lehen itzulia egingo du Gorlatik eta 12etarako aurreikusita dago helmugaratzea lehen txirrindulariak.

Txirrindulari karrera horretaz gain, arbola landaketa ere egingo dute neska-mutikoek Gorlako eremu horretan.

Oinez Gorlaraino

Aurretik, ordea, Pol Pol mendizale elkarteak mendi txangoa antolatuko du nahi duten herritarrendako, ume, gazte zein helduendako. Fraiskozuri plazan egin dute hitzordua goizeko 9etan.

Eskola kirol eta Agenda 21 egitasmotik, bestalde, lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleendako orientazio jolasak antolatu dituzte Gorlan bertan. 10etatik 12ak bitartean izango dira jolasok.

Interpretazio txangoa

Eta Mendia Bizirikekoak Pagolako ubidearen interpretazio-txangoa antolatuko dute. 10etan abiatuko da Gorlako kantinatik.

Azkenik, 12etan, ekintza horietan guztietan parte hartzen dutenendako salda eta txorizoa egongo da ziklisten helmugaratzea ikusteko.

Autobusak

Ekintza hauetan guztietan parte hartzeko deitu dute antolatzaileek eta azpimarratu dute guztiak doan direla. Gainera, Gorlara igotzeko eta autoak etxean uzteko asmoarekin, autobus zerbitzua prestatu dute. Autobusak 9etan irtengo dira, autobus geltokitik. Jaisteko autobusak 13etan aterako dira kantinatik.

Gorla egunaren bezperan, zapatuan, herriko eskola kirolaren ziklismo topaketa egingo dute 10etatik 13etara Seminarioko patioan. Alebin eta benjaminendako izango da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak