"Bergararako proiektu bat dugu eta gaurtik hasten den bidea lideratzeko prest gaude"

Txomin Madina Milikua 2011ko martxoaren 22a

Mari Carmen Barrenetxea izango da, bigarren, PSOE-EEk udal hauteskundeetarako prestatu duen zerrendaren buru. Gaur goizean egin dute aurkezpen ofiziala, eta bertan egon da Miguel Buen, Gipuzkoako Aldun Nagusi izateko hautagai sozialista.

Jaiotzez donostiarra, 1980az geroztik bizi da Bergaran Mari Carmen Barrenetxea, PSOE-EEk Bergararako alkategai aurkeztuko duen pertsona. Bigarren aldiz izango du erantzunkizun hori, eta Barrenetxeak berak esan duenez, ohore bat izan da beretzat berriz ere ardura hori hartzea. "Bergararako proiektu bat dugu, ideia berriekin, eta gaurtik hasten den bidea lideratzeko prest gaude, orain arte udal politikaren garapenean lidergorik izan ez duen bidea" esan du Barrenetxeak gaurko aurkezpenean.

Amaitzear doan legealdian sozialistek hainbat proiektu bultzatu dituztela esan du Barrenetxeak,  baita beste hainbat proiketutako negoziazioetan parte hartu ere. Hala, besteak beste aipatu ditu E-Planaren bidez aurrera eraman diren lanak. Aurrera begira hainbat proiektu aurrera burutzeko asmoa ere azpimarratu du, tartean alokairuko babes ofizialeko etxeak egitea, UNEDen eta Arrizuriaga dorrearen arteko permuta burutzea edo San Martin plaza eraberritzea.

Miguel Buen Gipuzkoako Aldun Nagusi izateko sozialisten hautagaiak ere hartu du parte gaurko aurkezpenean. Alderdiko politikan ibilbide luzea izan ez arren, Barrenetxeak lanarekin eta herrikideekin duen konpromisoa goraipatu du Buenek, baita sozialistek azken lan urteotan egindako lana azpimarratu ere. Bere esanetan, Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin transmisio bide izan dira.

Kritikak Olanori

Foru hauteskundeetara begira, Buenek gogor kritikatu du Markel Olanok orain arte egindako lana. "Bost axola zaizkio azpiegiturak: Pasaiako kanpoko portua, Abiadura Handiko Trena, Hondarribiako aireportua, errepideetako hirugarren erraila.. Bero bero jartzen duena subiranotasunaren gaia da, hori bakarrik" esan du Buenek.

Gaineratu du sozialisten helburua dela  Diputazioa, honen gobernua eta herritar guztiak lideratzea, zein alderditakoak diren aintzat hartu gabe. Azpiegiturak, zerbitzu sozialak eta fiskalitatearen garrantzia aipatu du eta esan du baita ere, bakea egun gertuago badago, besteak beste Patxi Lopez lehendakariaren eta Alderdien Legeari esker izan dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak