Azoka biziberritzeko lanean dihardu Udalak, baserriko produktuei bultzada nola eman aztertu eta zehaztu nahian. Egoera aztertu ahal izateko ekarpenak jaso nahi dituzte eta horretarako herritarren eskura jarri dute baserriko produktuen merkaturatzeari buruzko inkesta.
Herriko hainbat gunetan
Inkesta hori martxoaren 21etik apirilaren 3 bitartean bete ahal izango da herriko zenbait lekuetan Hala nola, Udal Liburutegian, Agorrosin eta Labegaraieta kiroldegietan, Mizpirualde Zaharren Egoitzan, Irizar jauregian eta Landa Garapen Elkarteko eta OKAko eraikinean bete ahal izango dira. Horrez gain, Udal webgunean ere (www.bergara.net) eskura daiteke.
Bi helburu
Proiektu horrek bi helburu izan ditu hasieratik: Alde batetik kontsumo taldea martxan jartzea. Orain artean lan honetan aritu da Udala eta zenbait baserritar berrik Basherri taldearen partaide egitea lortu da. Bestetik, azoka dinamizatu nahi da, azokaren erabilera aztertuz eta hori biziberritzeko proposamenak eratuz. Zenbait proposamen inkesta bidez jaso nahi dira eta herritarrek egindako ekarpenak proiektuan aurkeztuko dira aurrerantzean.