Gau polita izan atzokoa kartzela zaharrean. Danbakako finalera heldu ostean gurean ezagun egin zen Norman taldeak saio bikaina eskaini zuen, jarrera eta indarrez josia. Gitarra jolearen eta abeslariaren gidaritzapean ederto berotu zuten giroa. Zoramen kontrolatua eta ikuslea aspertzea ezinezkoa.
Normanen ostean heldu ziren gaueko protagonistak. Hiltzera goaz disko berria etxean aurkeztu zuen Fiachrasek eta doinu berriak ekarri arren ere, ikuslea hasieratik bereganatu zuten. Hori bai, kantu zaharrek eragin zuten mugimendu gehien. Bateria, baxu eta gitarrez gain, akordeoi eta saxofoiarekin gurean batere ohikoak ez diren doinuak ekarri zituzten, ikuslearen gozamenerako. Hor dago, akaso, Fiachrasen arrakastaren gakoa, hots, ezberdinak direla. Izan ere, lepo bete zen gaztetxea, 270 sarrera saldu ziren-eta. Bost euro sarrera eta beste bost euro ordainduz gero disko berria.