Fiachras taldeak betiko etiketetatik ihes egin eta beste musika estilo bat lantzen du. Ez punk-rock, ez oi! eta ezta rocka ere... Adituek diote betiko etiketek ez dutela balio talde bergararrarendako. "Aurrez beste talde batzuetan ibili izan gara, oso sailkatuta zeuden taldeetan. Hortaz, hori apurtu nahi izan dugu", adierazi du Aitor Aldanondok, Fiachras taldeko kideak. "Gitarrak distortsio barik, intentsitate handiagoa... soinu berriak bilatzen ahalegindu gara", gaineratu du. Diskoa labetik atera berria da. Bihar gaztetxean aurkeztuko dute lehenengo aldiz. Musika estiloa definitzea zaila dela dio Aldanondok: "Folk, rock, country... estiloak landu ditugu lan berrian".
Hiltzera goaz bigarren diskoa 2010eko urrian eta azaroan grabatu zuten Bonberenea etxean. "10 abesti sartu ditugu diskoan, eta euskaraz eta gaztelaniaz abestu dugu", dio Aldanondok. Diskoko abestietan hainbat gai landu dituzte, baina Aldanondok dio gai gehienak gizarte gaiak direla: "Gizateriari gorrotoa azaltzen diogu". Gaineratu du Artola lazkaotarrak idazten dituela letrak.
Bigarren diskoa lehenengoaren antzerakoa den galdetuta, Aldanondok dio diskoa entzun dutenek diotela ez dela aurrekoaren jarraipena: "Bigarren disko honetan ahotsa landuagoa da".
Norman eibartarrak
Danbakako hirugarren edizioko finalera iritsi zen Norman taldea. Eibartarrek Norman euren lehenengo diskoko abestiak eskainiko dituzte Bergarako gaztetxean, baina baita prestatzen dabiltzan abesti berriak ere. Punk-rocka abiapuntu hartuta, erritmo aldaketa ugariren sonoritateetan barneratzen dira eibartarrak. Zuzeneko bikainak dituzte.
Sarrera eta diskoa
Kontzertua zapatuan izango da, 22:30ean. Sarrera 5 euro kostako da; baina Fiachras taldearen disko berria nahi izanez gero, 10 euro ordaindu beharko da.
Kontzertua bertatik bertara ikusteko aukeraz gain, musikaz zuzenean gozatzeko aukera ere egongo da Txapa Irratiaren bidez. 97.25 sintonizatu beharko da horretarako Bergara inguruan; eta, Internet bidez, http://www.txapairratia.org/ webgunearen bidez