Garitaonandiarekin batera, besteak beste, Juncal Arrutik (alderdiko liberatu bakarra), Aiert Lizarraldek eta Martin Garmendiak osatzen dute Bergarako Berdeak-en zerrenda. Elorregiko Elorri-Goiti baserrikoa, Josu Garitaonandiak 43 urte ditu eta Metagrako biltegiko langilea dugu. Seme baten aita, Enpresaritza lizentziatua da eta, horrez gain, prebentzioko goi teknikaria da, ergonomia eta psikologia aplikatuko espezialitatean.
Etika mailan
Josu Garitaonandiak, bereziki, etika mailan lan egiteko beharra ikusten du: "Ez da bidezkoa politikariek erretiroa bi urtetan altxatzea langileoi eta beraiek berdin jarraitzea, pribilegio guztiekin gainera. Gainera, ahal den neurrian lan boluntarioa bultzatu nahi dugu udaletxean eta politikariei bideratutako diruaren zati bat proiektu sozialetarako zuzendu nahi dugu. Era berean, herriarendako erabaki gatazkatsuak hartu behar direnean herri kontsultak egitea interesgarri ikusten dugu. Azken baten, udaletxean herritarren tresna izatea nahi dugu eta herriari ahalik eta ekarpen handiena egitea da gure asmoa, besterik ez".
Logikoa denez, Bergarako Berdeak alderdiak arreta berezia jarriko du ingurugiroarekin zerikusia duten gaiengan. Gizartearen eraldaketa ekologikoa, soziala eta demokratikoaren aldeko apustua egiten dutela diote. Equo sareko kide da alderdia.
Mutrikun zinegotzia
Beraz, Bergarako Berdeak izango da maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan nobedade nagusietako bat. Oraingo legealdian, Gipuzkoan, Mutrikun bakarrik daukate ordezkaritza berdeek eta Bergaran beste horrenbeste lortzea da Garitaonandia eta haren alderdikideen ametsa maiatzeko bozketari begira. Debagoienean Bergaran bakarrik aurkeztuko dira eta, esan bezala, oraindik ere lana daukate egiteko. Gutxienez, 17 lagunez osatutako zerrenda osatu behar dute eta horretarako dei egiten dute eguaztenean, martxoaren 23an, kultura etxean egingo duten bileran parte hartzera. Esan bezala, 19:00etan da hitzordua. Ekologia oinarri hartuta, pausu txikiekin bada ere, gizartea aldatzeko beharra dutenekin bat egin nahi dute.