Maiatz hasieran ekingo diete San Pedro egokitzeko lanei

Monika Belastegi Aranzabal 2011ko mar. 18a, 13:40

Lehen fasean nabearen teilatua eta dorrea konponduko dituzte. Lanok urtebete iraungo dute eta 1,2 milioi euroko aurrekontua dute

Apiril bukaeran edo maiatz hasieran hasiko dituzte San Pedro parrokia berritzeko lanak, Jon Molina parrokoaren esanetan. Zetabi arkitektura bulegoak egindako proiektuan oinarrituta, eraikina erabat zaharberritzea da asmoa eta lanak hiru fasetan egingo dituzte. Lehen eta bigarren fasean kanpoko aldetik egokituko dute eliza; hirugarrenean, berriz, barrutik.
Hain justu ere, lehen faseko lanekin hasiko dira San Pedro zaharberritzen. Fase horretan dorrea eta elizaren nabearen teilatua konponduko dituzte. Dorreari dagokionez, egonkortu eta garbitzeaz gain, dituen gainerako elementuak ere konponduko dituzte, hala nola, kanpaiak eta erlojua. Kanpaien kasuan, gaur egun ez dira  guztiak erabiltzen, batzuk mutu daude. Hotsa ateratzeko egiten duten mugimendu handia da eta mututu egin zituzten egitura gehiago ez kaltetzeko.

Lehen faseko lanak

Teilatuari dagokionez, erabat jasoko dute eta egurrezko egitura egoera nahiko onean dagoen arren, ustelduta dauden piezak ordezkatuko dituzte eta guztia egonkortuko dute.
Lehenengo faseko lanek urtebete inguru iraungo dute eta 1.200.000 euroko inguruko aurrekontua dute. Lehenengo faseko lanetarako Gipuzkoako Foru Aldundiak 400.000 euroko laguntza agindu diela azaldu du Jon Molina parrokoak.
Gainerako 800.000 euroko gastuari aurre egiteko, Amenabar enpresa eraikitzailearekin trukea egin dutela gehitu du Molinak: "Komenio kaleko 4. zenbakian daukagun eraikina emango diogu Amenabar enpresari, eta horren truke lehen fasean egin beharreko obrak egingo ditu Amenabarrek. Baita Sierbetako komentua zena erabat birmoldatu ere".
Lehenengo faseko lanak egiteko, eliza barruan dauden balio handiko hainbat elementu ondo babestu behar direla ere azpimarratu du Jon Molinak: "Organoa, Juan de Mesaren santo kristoa, erretaula nagusia, sakristian dagoen erretaula flamenkoa…Horiek guztiak ondo babestuko dira inongo kalterik jaso ez dezaten".

Bigarren faseko lanak

Zaharberritzearen bigarren fasea ere elizaren kanpoko aldeari dagokio: batetik, presbiterioko teilatua, sakristiarena eta sakristia inguruko eraikinenak konponduko dira; bestetik, fatxada ere zaharberrituko dute. Lanok beste urtebete inguru iraungo dute. Aurrekontuari dagokionez,  oraindik zehazteke dagoela gehitu du Molinak: "Aurreneko fasea lasai has dezakegu", baina bigarreneko gastuari aurre nola egingo dioten oraindik ez dago erabat garbi. "Aldundiak bigarren faserako diru laguntza agindu digu, eta ondasun gehiago ere baditugu saltzeko, Goenkalen abadetxea izandakoa eta gaur egun abadeok bizi garen Masterrekako etxea, esaterako".
Hirugarren fase baten, eliza barrutik konpontzea da asmoa, baina hori egingo dute "finantziazio modua segurtatzeko biderik balego", Molinaren arabera. Argiteria sistema berritu nahi dute, berogailu sistema jarri, hezetasun arazoa konpondu, zorua berritu, guztia garbitu eta margotu eta elementu artistikoak zaharberritu.

Sierbetan ere obrak egingo dituzte

San Pedro parrokiako lehen faseko lanekin batera, Sierben komentu izandakoan ere obrak egingo dituzte. Eraikina barruko aldetik erabat birmoldatzea da asmoa eta aurrekontua 1.100.000 euro inguru da. Halaxe azaldu du Molinak: "Elizkizunetarako tenpluaz gain, pastoral zerbitzuetarako lokalak ere behar ditugu, eta hor kokatuko dira". Hori horrela, gaur egun Komenio kaleko eraikinean egiten diren katekesi eskolak, bulegoak… Komeniora eroango dituzte. Era berean, abadeendako etxebizitza ere han egokituko dute, eta gaur egun Masterrekan dutena libre laga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak