Horretarako, dena den, txukundu egin behar dute lehenik eta behin, eta lanok esleitzear da Udala. Hain justu ere, 33.848 eurotan atera zituen Udalak lanok lehiaketara presazko prozedura negoziatua erabilita, eta asteon bertan amaitu da aurkezteko epea.
Horrekin guztiarekin, Udalaren asmoa da ahalik eta azkarren hastea txukuntze lanak, "parkea ahalik eta azkarren zabaltzeko", Enara Minguez zinegotziaren esanetan. Hori horrela, udaberrian zabalik egongo dela aurreratu du Minguezek, oraindik data zehatzik eman ezin badu ere.
Txukundu egingo dute
Parkea txukuntzeko egingo dituzten lanei dagokienez, honako hauek dira: zorua berdindu egingo dute, gaur egun dauden lur pilak kenduta, (txaleta bota zutenean eta errepide berria egitean sortutakoak); parkean barrena dagoen bidexka erabilgarri lagako dute; sasiak kendu eta belarra moztuko dute; jauregiaren teilatuko ubidea konpondu egingo dute…
Ibargaraiko ziburuetatik sartu ahal izango da parkera; hori izango da sarreretako bat.
Untzeta etxearen lorategia
Arrizuriaga izenarekin ezagutzen dugun arren, Untzeta jauregiaren lorategia da parke hori. XIX. mendearen bigarren erdialdean obra garrantzitsuak egin ziren Untzeta etxearen barruko zein kanpoko aldean. Beste birmolda- keta batzuen artean, paisaia motako lorategia diseinatu zuten garaiko modari jarraituz. Ortuak izandako lursailetan egin zuten, etxearen albo baten, nahiz eta gaur egun berriki eraikitako errepideak banatu egiten dituen jauregia eta haren lorategia.
XX. mende hasieran Arrizuriaga etxea eraiki zuten Untzeta jauregiaren lorategian; hortik izena.