Unibertsitatea pentsatzen zenuena izaten ari da?
Bai. Antzeko zerbait espero nuen. Beharbada, gehien harritu nauena izan da jende horren ezberdina ezagutzea. Hemen, nork bere txoriak ditu buruan, bere pelikula.
Arte Ederretako ikasleek alfer fama duzue. Esaten duten bezain alferrak zarete, ala egiten duzue lanik?
Beti esan izan da hori gure fakultatearen gainean, baina ez nago zeharo ados. Mundu guztia azterketak egiten ari denean fakultateko zelaian etzanda egotea ere oso gogorra egiten da. [Barre]
Zertan ari zara orain lanean?
Irakasgai baten esan digute heriotzaren gaineko lan bat egiteko, baina estereotipoak erabili barik. Hau da, ezin da garezur bat margotu. Nik esku bat irudikatu dut, kandela baten argia itzaltzen.
Txikitatik gustatu izan zaizu margotzea. Komiki lehiaketatan parte hartu izan duzu, ezta?
Bai. Behin baino gehiagotan, gainera; saritua izan nintzen eta horrek beti animatzen zaitu margotzen jarraitzera.
Zein da unibertsitatean gehien gustatzen zaizun irakasgaia?
Irudi Laborategia du izena. Asko gustatzen zait, gehien ikasten ari naizen irakasgaia delako. Gainera, irakasgai horretan askatasun handia daukagu lanak egiteko; material eta teknika ezberdinak erabiltzeko askatasuna.
Eta irakasle gustukoena?
Natxo. Asko gustatzen zait nola lan egiten duen. Daltonikoa da eta horregatik grisez jantzita joaten da egunero fakultatera.
Nondik datorkizu grafitiekiko zaletasuna?
Grafitia Bergarara heldu zenean hasi zen nire zaletasuna. Lehen Hezkuntzan nengoen. Bergarako gazte talde bat paretak margotzen hasi zen; ia astebururo margotzen zuten bat. Astelehenenetan, igeriketa eskoletatik irten eta asteburuan egindako grafitien bila joaten ginen.
Ez zaizu gustatzen grafiteroa zarela esatea. Zergatik?
Ez naiz grafitero sentitzen. Gaur egun ez dago grafitirik egiten duen inor herrian; esprairik ere ez da saltzen. Ez naiz nire kasa bakarrik margotzera irteten; oso noizean behin bakarrik.
Pareta huts bat ikusten duzunean grafiti baten pentsatzen duzu?
Bai. Zalantza barik!
Arte urbanoa dira?
Bai, noski. Baina ez grafitiak bakarrik. Arte urbanoa asko garatu da lehen grafitiak azaldu zirenetik.
Non dago ezberdintasuna? Nola ezberdindu artelana eta pareta zikintzen duen zirriborro bat?
Uste dut intentzioak bereizten dituela; ze intentziorekin dagoen eginda. Dena dela, legea objektiboa da eta ez ditu intentzioak neurtzen. Hau da, grafitiak beti kontsideratuko dira bandalismoa.
Gure ibarrean nolako maila dago grafitiei dagokienez?
Ez dut askorik jarraitu beste herri batzuetakoa, baina argi ikusten da grafiti onenak Arrasaten daudela.
Zalantza barik Banksy da grafitero ezagunena. Gustatzen zaizu?
Bai. Asko gustatzen zait Banksy. Nik uste dut gaur egungo artista garrantzitsuenetakoa dela. Arte urbanoaren beste ikuspegi bat zabaldu du mundu osoan. Film bat zuzendu berri du: Exit trought the Gift Shop. Joan den astean ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan. Oso ondo ikusten da arte mota hori nola lantzen den.
Grafiteroak anonimoa izan behar du?
Hori grafiteroak erabaki behar du, baina gomendagarria da anonimoa izatea. Azken finean, legez kanpo dagoen gauza bat egiten ari zara.