Asturiastik bueltan, esperientzia berriez jantzitako maillotaz

Xabier Urtzelai 2011ko martxoaren 15a

Joan den domekan, hilak 13 Lokatzako gazte mailako ziklistak Asturiasko Olloniego herrian ospatu den 2011ko Espainiako kopako lehen proba puntuagarrian izan ziren. Bergarako ziklismo taldearen historian lehen aldiz izan dira Sumofic-eko txirrindulariak horrelako proba batean, eta postu eta emaitzen gainetik, guztiek aho batez, asko ikasi dutela diote. Asturiasera hurbildu diren txirrindulariak Eneko Lizarralde, Hodei Orobengoa, Beñat eta Jokin Etxabe izan dira.

Lasterketan 182 txirrindulari izan ziren, Lokatzakoendako gutxitan gertatzen dena. Tartean, estatu osoko 36 talde zeuden, eta euren artean talderik indartsuenak: Andalucia-Caja Granada, Fenavin, Almeria Cajamar eta Valencia Terra i Mar, besteak beste. Eta tartean, euskal talde bakarra, Sumofic-Lokatza.

Inoiz baino tentsio handiagoa

Txirrindularien esanetan, pelotoian aurrekaldean postua mantentzeko tentsioa inoiz ikusi dutena baino handiagoa zen. Lizarralderen esanetan, "eskulekuak alde guztietatik sartzen zituzten", taldeek egiten zituzten mugimenduak liderra ondo kokatuta eramateko. Jokin Etxaberen esanetan, "Valencia Terra i Marrek talde osoa zeraman liderraren inguruan, ura eramaten, haizetik babesten...". Hitz baten esateko, profesionalek korritzen duten eran ibili ziren eta nola egiten den ikasteko aukera paregabea izan zuten.

Emaitza onak

Lasterketan egondako 182 txirrindularietatik soilik 92 helmugaratu ziren, eta ibilbidean sei mendate izan arren, bataz bestekoa ia 38km/h izan zen. Lokatzako lau ordezkariek lortu zuten lasterketa amaitzea. Jokin Etxabek 37. postuan, lehen talde garrantzitsutik azken 5 kilometrotan segundu batzuk galduta; Eneko Lizarralde 68. postuan 2. taldean eta harekin batera Beñat Etxabe 72. postuan. Azkenik, Hodei Orobengoa 81. postuan helmugaratu zen, eguneko sustoa emanda. Izan ere, lehen taldetxoan sartzera zihoala, jaitsieretako batean, petrila jo eta Bergarakoa bizikleta gainetik irten zen. Ikusleen laguntzarekin errepidera itzuli, eta lasterketa amaitu ahal izan zuen.

Esperientzia horren positiboa izan da, Lokatzakoak apirilaren 3an Gironako Olost herrian egingo duten bigarren proban puntuagarrian parte hartzeko aukerak aztertzen dabiltzala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak