Arma zuriz egindako zauriak ditu zapatuan Deba ibaian topatu zuten bergararraren gorpuak

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko martxoaren 14a

Ertzaintzak aditzera eman du arma zuriz egindako hainbat zauri zituela, zapatuan Deba ibaitik hilik atera zuten 46 urteko bergararraren gorpuak. Hildakoa herriko eskale bat zen eta inork ez zuen salatu haren desagerketa.

Herrizaingo sailak prentsa ohar batean aditzera eman duenez, Euskal Poliziaren Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Unitateak zabalik mantentzen du ikerketa joan den zapatuan 46 urteko gizon baten gorpua Deba ibaian, Bergaran, erreskatatu ostean. Zehaztu ahal izan den moduan, arma zuriz egindako hainbat zauri zituen gorpuak. Sumario sekretua dekretatu du epaileak ostean.

Azutegi-medikuak gorpua aztertu ostean, homiziodio kasu bat dela esan du Ertzaintzak, hildakoaren gorpuak arma zuriz egindako hainbat zauri zituelako.

Deba ibaian, San Antonio parean, gorpu bat ikusi zutela-eta abisua eman zieten Bergarako udaltzainek Ertzaintzari, 13:00ak aldera zapatuan. Ertzaintzako patruila bat, Osakidetzako UVI Mugikorra eta Suhiltzaileak bertaratu ziren eta uretatik atera zuten gorpua. Osasun zerbitzuetako langileek berehala baieztatu zuten gizonezkoa hilda zegoela. Beranduago identifikatu ahal izan zuten gorpua: 46 urteko gizonezko bergararra. Hildakoaren izenaren edo inizialen berririk ez dute eman ertzainek.

Gertaera ikertzen

Era berean, ez dute ziurtatu arma zuriz egindako zauri horien ondorioz hil zen ala ez.

Donostiako Auzitegiko Institutu Anatomikora eman zuten gorpua eta beharrezko diligentzia judizialak hasi ziren, sumario sekretua dekretatu zela. Gaur baieztatu eta publiko egin dute arma zuriz egindako zauriak zituela gorputzean hildakoak.

Ikerketa bat ireki du Ertzaintzak heriotza honekin erlazionatutako guztia argitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak