Ludger Mees: "Mitin politikoak euskaraz ematen zituen lehen politikari garrantzitsua izan zen Monzon"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko martxoaren 15a

Telesforo Monzon hil zela 30 urte bete direla gogoratzeko antolatutako hitzaldietan parte hartu du Ludger Mees historialariak. Hilaren 11n, egubakoitzean, izan zen gurean; Telesforo Monzon eta Jose Antonio Agirre: bi lagun, bi politika hitzaldia egin zuen.

30 urte bete dira Monzon hil zela. Uste duzu nahiko leku duela haren figurak?
Nik uste dut ezetz. Pentsatzen dut Monzon izan zela euskal historia garaikidean oso pertsonaia garrantzitsua, eta baita berezia ere. Nahiz eta horrenbesteko garrantzia izan eta horrelako ibilbide politiko luzea izan, gaur egun euskal nazionalismoaren eremuan oso pertsonaia ezezaguna dugu.
Zergatik? Haren ibilbide politikoa ezagutu beharrean, gehiago ezagutzen dugu ikur bezala, sinbolo bezala. Politikan izan duen alde bat bakarrik ezagutzen dugu, baina ez haren izaera politikoa, bere konplexutasun eta kontraesan guztiekin. Horregatik iruditzen zait guk dugun irudia azaleko irudia dela; eta, gainera, gaur egun ez dago biografia onik gizon garrantzitsu horri buruz eta horrek ere zaildu egiten du ezagupen sakonagoa izatea.
Sarritan Monzonen irudia lotu izan da proiektu politiko jakin baten propaganda gisa eta ez euskal politikari soil gisa. Horrek zaildu egiten du Monzon ezagutzea, zeukan aberastasun, aniztasun eta konplexutasun guztiarekin. 

Euskal Herriko historia garaikidean eragin handia izan duen politikaria izan da. Gaur egun eredugarri dira haren ideiak?
Lehen esan bezala, saiatzen baldin bagara Monzonen ibilbide politikoa osotasunean ezagutzen, ikusiko dugu Monzon ezberdinak agertzen direla, baita ideia politikoetan ere.
Lehenengo garaiko ibilbide politikoa eta ideiak oso ezezagunak dira guretako. Iruditzen zaigu Monzon beti ezker abertzalearen lider bat izan dela, baina beste fase batzuk ere izan zituen, eta eragin handia izan zuen. Adibidez, Monzonek urte askoan defendatu zuen monarkiaren berrezarpena Franco botatzeko. Garai baten, bat etorri zen ideia hori defendatu zuen Indalecio Prieto sozialistarekin. Galderari erantzuteko, finkatu egin beharko genituzke Monzonek izan zituen pentsaera politiko ezberdinak, betiere bere burua nazionalistatzat zuela kontuan hartuta.

Monzonen eta Agirreren gainean berba egingo duzu. Nola ezagutu zuten elkar bi politikariok?
Gazte garaitik izan ziren oso lagunak. Agirreren aita bergararra zen eta askotan Bergarara etortzen ziren uda pasatzera, edo jaietan. Gainera, Jose Antonio Agirre ia ahaztuta zeukan euskara ikastera etortzen zen Bergarara; eta hortik sortu zen halako adiskidetasun estua. Monzonek izugarrizko errespetua zion Agirreri; Agirre zen Euskal Herriaren gidari politikoa, aginduak eman behar zituena. Agirrek beste era batera pentsatzen zutenak bereganatzeko zuen erraztasuna miresten zuen eta esan daiteke benetako maitasuna sentitzen zuela Monzonek Agirrerekiko. Agirrek ere berdina sentitzen zuen Monzonekiko.
Monzonek bizi izan zuen krisi pertsonal sakonenean –37ko urtarrilean Bilboko espetxearen kontra egindako eraso baten ondoren 200 preso eskuindar hil zituzten–, Ajuriagerrak eskatu zion Agirreri Monzon kentzeko kargutik, baina kritika guztien gainetik karguan mantendu zuen. Horrek erakusten du zeukan konfiantza.

Proiektuak gauzatzeko orduan ikuspegi ezberdinak izan zituztela diozu. Zertan izan zuten ikuspegi ezberdina, adibidez?
Beharbada, proiektu politiko zehatzetan izaeraz oso ezberdinak ziren bi politikari ziren. Politika egiteko oso modu ezberdina zuten. Agirre zen politikari profesionala, politika egiten zuen grinaz, baina bazekien pasioa mugatzen pragmatismoaren bidez. Bazekien batzuetan amore eman behar zela. Monzonek, ostera, berak aitortu zuen moduan, politikaria baino gehiago bertsolari bezala ikusten zuen bere burua. Politikari buruzko kontzeptu erromantikoagoa zeukan, eta Monzonentzat arrotza zen Agirrek zuen amore emateko kontzeptu hori. Monzonek berak esan zuen politikari baino gurago zuela bertsolari izan, eta, zehazki, Txirrita izan gura zuela.

Euskal Herriaren ikuspegi bera zuten?
Urte askoan alderdi bereko kideak izan ziren, eta antzerako ideiak izan zituzten Euskal Herriaren izaerari buruz. Beharbada, lehen esan dudan politika ikusteko bi modu ezberdin horiek direla-eta, Agirrek ikusten zuen Euskal Herria eraiki behar zela baita ezberdin pentsatzen zuten horiekin. Monzonek ideia erromantikoagoa zeukan, Sabinoren pentsamendutik gertuago zegoen. Monzonendako benetako euskalduna zen baserritarra, eta miresten zuen baserrian egindako lana. Hortik zetorren ideia abertzale guztiek bat egitearena. Baina biak puntu batean ados zeuden: biak ziren euskaltzale sutsuak. Ez bakarrik galeriaren aurrean, baita euren bizitzan ere.
Monzoneri buruz esan daiteke gaztetatik apurtu zuela bere esparru sozialetik jaso zuen eredua. Garai hartan aristokrazia familietan euskara umeen hizkuntza zen eta behin nagusitzen zirenean gaztelerara pasatzen ziren. Monzonek apurtu egin zuen horrekin; eta, ziurrenez, hura izan zen euskal nazionalismoaren barruan mitin politikoak oso-osorik euskaraz ematen zituen lehendabiziko politikari garrantzitsua.

"Agirre hil izan ez balitz, burutuko ote zuen Monzonek ETA eta ezker abertzalearenganako hurbilketa?"; galdera hori landu duzu hitzaldian.
Asmoa ez da galderari erantzutea, hori ezinezkoa da-eta. Argudio batzuk jarri ditut mahai gainean bi gizon horien arteko lotura ulertzeko. Monzonendako Agirre zen imitatu beharreko eredua. Nire hipotesia da Agirrek jarraitu izan balu Monzonek askoz ere nekezago egingo zuela erabateko salto hori egitea. Baina hori hipotesi hutsa da.

Zerk eraginda eman zuen salto hori?
Alde batetik, publikoaren aurrean monarkiaren aldeko tesiari eusten zion arren, informazio zehatza zeukan eta bazekien bide horrek porrot egin zuela. Krisi garai hartan Agirreren heriotza etorri zen eta EAJ barruan erreferentzia barik geratu zen. Orduan, ikusi zuen gazte jendea mugitzen zebilela. Nazionalismoari buruz zeukan kontzeptu erromantikoa kontuan hartuta, iruditu zitzaion hori bide berria izan zitekeela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak