Elbarrituentzako aparkalekuek araudi berri bat edudiko dute

Imanol Gallego 2011ko martxoaren 14a

Elbarrituen aparkalekuak erregulatzen zuen araudi bat indarrean egon arren, zenbait hutsune antzeman ostean, erregelamendu berri bat onartu zuten udaleko osoko bilkuran. Gizarte zerbitzutako teknikaria den Xabier Legorburuk dioenez "araudi berri hau indarrean zegoena hobetzera dator" hobekuntzez gainera erregimen zigortzaile bat ere izango du araudi berriak.

Neurri berri hauen bitartez, elbarritu txartela dituzten auto eta erabiltzaileak hobeto kudeatu nahi ditu udalak. Orain arte udalak banatutako hainbat txartelekin zenbait irregulartasun antzeman ostean hauek kontrolpean edukitzeko asmoa erakutsi dute udaletxetik. Legorburu teknikariak esan duenez "elbarritu txartela gaizki erabiltzen zuen bat zigortzeko araudi gabe geunden". Hori ekiditeko zigor erregelamendua zehaztu dute.

Zigorrak ezartzerakoan, arau-haustea ekarri duen ekintzaren larritasunaren araberakoa izan beharko da. Horrenbestez, aplikatu beharreko zigorraren maila zehazteko, kontuan hartuko da bereziki nahita edo behin baino gehiagotan egin duen, eragindako kalteen izaera zein den eta berrerortzerik izan den, hau da, urte batean izaera bereko arau-hauste bat baino gehiago izan duen, betiere erabaki irmoaren bidez halaxe adierazi denean.

Hau guztia kontuan hartu ostean, zigorrak arinak, larriak eta oso larriak. Horren arabera, zigor ekonomikoaz gainera, txartela erretiratuko zaio erabiltzaileari, eta muturreko kasutan txartela kentzea ere aurreikusten da.

Parking erreserba
Kasu batzuetan, elbarritu txartela izateaz gainera, zenbaitek aparkaleku erreserbatu bat izaten dute. Honi esker etxetik gertu daukaten plaza ziurtatua izaten dute. Orain arte, horrelako erreserba bat lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak elbarritasun txartela lortzeko exijentziak bete ostean,  mugikortasun maila 7koa izan behar zen, hemendik aurrera baina, udalbatzak exijentzia maila igoko du eta gutxienez, 10 puntutako mugikortasuna beharrezkoa izango da.

Elbarritasun txartelak lortzeko %33ko elbarritasun maila bat edukitzea beharrezkoa bada ere, udalak elbarritasun horrek mugikortasunarekin zerikusia duen aztertuko du, erreserbatutako aparkaleku horiek benetako beharra dutenei eman ahal izateko.

Gauzak honela, parking erreserba dutenek Abenduaren 31 baino lehen, eskaintza berritu beharko dute, eta horri esker kasu bakoitza hobetu aztertuko dute udal teknikariek.

Norbanakoen aparkalekuak hobetu kudeatzeaz gainera, elbarrituekin lan egiten dituzten erakunde eta enpresek ere onurak izango dituzte. Araudi berri honen bitartez, erakundeak horrela eskatuz gero, modu errazago batean lortu ahal izango du parking erreserba bat.

Erregelamendu berria jendearen aurrean egongo da 30 egunez eta inork alegaziorik jarri ezean, onartutzat emango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak